Txorizo eta saiheski-sortak zozketatuko dira Sondi

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 7a, 11:15
Argazkiak: Jon Goikouria
Domekan, Eskulangintza, Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka egingo da 26. aldiz, Sondikan. Azoka 10:00etatik 14:30era izango da zabalik eta postuak tren-geltokiaren aparkalekuan eta inguruetan kokatuko dira. Baserriko produktuez gainera, hainbat ekintza antolatu dira egun horretarako: umeei zuzendutako eskulangintza tailerrak, erakusketa bereziak, eta txakolin, gazta eta euskal pastelaren dastatzea, tartean. Nobedade moduan, abereak pisatuko dira jendaurrean eta artisauek lana zelan egiten duten erakutsiko diote publikoari. Besteak beste, eltzegintza, beira eta harri landuaren erakustaldiak egingo dira. Euskal txerriak ere jarriko dira ikusgai azokan. Hura bukatzen denean, animaliak hilko dira, produktuak egiteko. Bisitariek bost euroko kopa berezia erosten badute, aukera edukiko dute txerriotatik ateratako 20 txorizo eta saiheski-sortaren zozketan parte hartzeko. Koparekin batera txartel bat jasoko dute eta han zenbaki bat izango da inprimatuta. Zozketan parte hartzeaz gainera, txakolin bi, Idiazabal gazta eta euskal pastela dastatu ahalko dituzte kopa erosten dutenek. Zozketa azokan bertan egingo da, baina sortak aurrerago banatuko dira. Irabazleen izenak ezagutzeko, liburutegira, udalaren webgunera (sondika.net) edo Udalera jo daiteke. Irabazleek abenduaren 14ra arte edukiko dute saria justifikatzeko. Bestetik, aipatu beharra dago euro bikok opa erosteko aukera ere egongo dela. Hura erosiz gero, txakolin bat, Idiazabal gazta eta euskal pastela dastatu ahalko dira, baina ezin izango da zozketan parte hartu. Azoka dultzaineroek eta txistulariek girotuko dute. Egitaraua: 10:00-14:30: Artisauen erakusketa 11:00: Dastatzeak: Bizkaiko txakolina, Idiazabal gazta eta euskal pastela 12:00-14:00: Umeentzako lantegiak eta poniak

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).