CDR jaialdia, abenduan

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 14:30

Santzoka Derioko elkarteak CemenDerioRock (CDR) jaialdia antolatu du abenduaren 15erako. Jaialdia bosgarren aldiz egingo da. CDR egitasmoa San Isidro jaien haritik antolatu dute aurreko urteetan, baina, azaldu diguten bezala, elkartearen partaide guztiak jai-batzordean ibili dira aurten eta horregatik hartu dute jaialdia Gabonei begira egiteko erabakia. Hala, “beste aukera bat sortu da, herriko eta inguruko gazteak elkar daitezen, lagun artean afal dezaten eta herrian bertan musikaz goza dezaten”. Jaialdia iluntzeko 8etatik aurrera izango da frontoian. Txosna bat ipiniko da eta pintxoak eskainiko dira. Kontzertuak gaueko 10etan hasiko dira eta eszenatokira hainbat talde igoko dira. Haien artean, Seismo Derioko metal-rock taldea, Cacas Blancas Sondikako kortako punk taldea, Penadas por la ley neska argentinarren punk taldea eta Pikadura Bilboko taldea, Barrikadaren bertsioak egiten dituena, egongo dira. Kontzertuen ostean, dantzatzeko musika ipiniko da. “Jaialdian ondo pasatzeaz gainera, derioztarrek —batez ere gazteek— herriko ekintzetan parte hartzea dugu helburu”. Santzokako kideek adibide izanez predikatzen dute, eta elkarteak antolatzen dituen ekintzetan ez ezik, hala nola ikastaroak eta Zubipeko herri errokodromoa, herriko beste egitasmoetan ere hartzen dute parte, esate baterako San Isidro jai-batzordean edo Korrikan. Izan ere, Santzokaren ustez, herria norberarengan dago. “Derio guk geuk egiten dugulako. Geuk aldatu eta berreraiki behar dugu. Ezin gara beste batzuek “gugan” pentsatzen antolatuko dutenaren zain egon. Beraz, mugi zaitez eta etorri CDR-ra!”. Informazio gehiago: facebook/Santzoka Derio.