Inoiz baino egitaraurik zabalagoa Durangoko Azokan

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 14:38

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak abenduaren 6tik 9ra zabalduko ditu ateak aurten. Egun bat gutxiago iraungo badu ere, inoiz baino egitaraurik zabalagoa eskainiko du. Ijitoen kulturak bere lekua izango du egitasmoan, eta Argizaiola saria Benito Lertxundik jasoko du. Azoka 47. aldiz egingo da. Gerediaga elkartetik adierazi duten bezala, aurten 411 nobedade izango dira. Azokari begira argitaratzen den liburu-kopuruari dagokionez, beherakada txikia egon dela aipatu dute. Hala, iaz 313 lan kaleratu baziren, aurten 289 liburu eman dira argitara. Gainontzeko sektoreetan eutsi egin zaio kopuruari, edo gainditu egin da. Azokan 127 argitaletxek, diskoetxek, elkartek eta erakundek hartuko dute parte eta orotara 253 stand ipiniko dira. Aurreko edizioen aldean, egitasmoak egun bat gutxiago iraungo du. Hala ere, 300dik gora ekitaldi eskainiko dira bertan, gune eta eremu ezberdinetan banatuta. “Inoiz izan duen egitaraurik zabalena izango du”, esan dute antolatzaileek. Azoka 10:30etik 20:30era egongo da zabalik, baina aipatu beharra dago Ahotsenea guneak 22.00ak arte luzatuko duela bere ordutegia, “aurkezpen gehiagori lekua egiteko”. Era berean, Plateruena kafe antzokiaren emanaldiak lehenengo aldiz egongo dira Azokaren egitarau ofizialaren barruan. Gerediaga elkarteak Azokaren izaera zabala eta parte-hartzailea azpimarratu du. Horren haritik, elkarte, erakunde eta enpresa pribatuen laguntza eskertu du eta, ekonomia-krisia egonda ere, aurten egitasmoak zortzi partaide berri dituela azaldu du. Beste alde batetik, joan den urtean diziplina berriei zuzendutako guneak zabaldu ziren: Irudiena (ikus-entzunezkoak), Szenatokia (arte eszenikoak) eta K@bia (teknologia eta adierazpen berriak). Antolatzaileek ahalegina egin dute gune berri horiek zein gainontzekoak finkatzeko. Argizaiola Ehunka urte dira ijitoak Euskal Herrian bizi direla, “baina kultura ikusezina bezain urrenekoa da gutariko hainbatentzat”. Gerediaga elkarteak azokan parte hartzeko gonbidapena egin dio Kale Dor Kayiko elkarteari eta, besteak beste, haurrentzako tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta musika saioak antolatu dituzte. Kale Dor Kayiko irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da eta 1989. urtean sortu zen. Bizkaian eta Gipuzkoan egiten dute lan eta azokan 2010. urtean hartu zuten parte lehenengo aldiz. Elkartea Euskadiko Gazteria Kontseiluko standean izan zen. Azkenik, antolatzaileek aurreratu duten bezala, Argizaiola saria Benito Lertxundi musikariak jasoko du. “Azokarekin izan duen lotura estuagatik, gurean bigarren ediziotik hona izan baita”. Saria abenduaren 6an emango diote eta ekitaldia Jon Maiak zuzenduko du.