Izarrak, mara-mara

Aikor aldizkaria 2013ko urt. 21a, 13:39

Argazkiak: Aner Mentxaka

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak Izarren distira! lehiaketaren gala antolatu zuen hirugarren aldiz Sondikako Kultur Etxean, abenduan. Irabazlea Sondikako sei neskek osatutako taldea izan zen, eta horiek Port Aventurarako bidaia jaso zuten saritzat. Amets Ibarra, Olatz Zarraga, Sarai Sordo, Maite Elordui, Klaudia Ondartza eta Idurre Duarte inongo attrezzorik gabe –aulki bat besterik ez– eta beltzez jantzita agertu ziren eszenatokian. Euren antzezlanean amona batek gerra garaiko istorio bat kontatu zien ilobei eta protagonista euskara izan zen. Guztira 12 eta 18 urte bitarteko 21 gaztek hartu zuten parte galan, 8 taldetan banatuta. Publikoak dantzari, kantari eta musikari gazteak ikusteko aukera izan zuen bertan, eta jaialdia Hutsa musika taldeak girotu zuen. Galaren aurreko hilabeteotan gazteek tailerretan hartu zuten parte Derioko Kultur Birikan eta Sondikako Gaztetxean. Era berean, sailkapen castingetan egin ziren Derion eta Lezaman. Castingetan Ugaitz Alegria eta Ylenia Baglietto aktoreen laguntza izan zuten gazteek. Beste alde batetik, Izarren distira! egitasmoaren haritik, aurten kazetaritza tailerra antolatu da lehendabiziko aldiz. Idurre Duarte kategoria honetan ere irabazlea izan zen eta bere saria –8 hazbeteko tableta– galan jaso zuen. Gainera, bere artikulutxoa Aikor! aldizkarian argitaratu genuen abenduan.