Txorierri motorrak berotzen hasi da, Korrika hartzeko

Aikor aldizkaria 2013ko urt. 25a, 10:21

Korrika euskararen aldeko lasterketa erraldoiak 18. aldiz zeharkatuko ditu aurten Euskal Herriko herriak eta kaleak. Hala, martxoaren 14an Andoainetik atera eta martxoaren 24an Lapurdira ailegatuko da. Aurtengo ediziorako “Eman euskara elkarri” aukeratu da lelotzat, “euskara euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkarri entzuteko eta ulertzeko”. Era berean, omenaldia egingo zaie euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasleei, “haien ahaleginari esker euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen delako”. Hura bihar izango da Usurbilen eta eguerdiko ordu-batetik aurrera hauek egongo dira bertan: bertsolariak eta kupelen irekiera, bazkaria, ekitaldi nagusia, erromeria, kantu jira eta Esne beltza taldearen kontzertua. Talde horrek Bagoaz! abestia egin du Korrika 18rako. Korrika kulturalaren haritik ekitaldi-sorta zabala antolatuko da eta, dagoeneko, batzordeak Txorierrin ere hasi dira lanean. Aurreko edizioetan bezala, herri bakoitzean batzorde bat osatu da eta horiek badabiltza proposamenak eta iradokizunak aztertzen, Korrika inguruan hainbat ekitaldi egiteko. Batzordeak herritar guztiei daude zabalik eta bertan nahi duen guztiak har dezake parte. Herrietan kartelak ipiniko dira batzordeak noiz eta non bilduko diren iragartzeko, baina baten batek zalantzarik badu, Txepetxa AEK euskaltegira jo dezake (94 454 39 67) eta han azalduko diote bere herriko batzordea noiz eta non bilduko den. Esan diguten bezala, ideia guztiak izango dira ongietorriak eta eskertzekoak. Zehetasunak Korrika otsailaren 22an aurkeztuko da Txorierrin. Ekitaldia arratsaldeko 7etan egingo da Zamudiotorren eta, besteak beste, aurtengo Korrikaren zehetasunak, Txorierritik noiz pasatuko den eta gure herrietan izango diren ekintzak ezagutaraziko dizkigute bertan. Bideo-emanaldia ere egongo da. Aurrerapen moduan, esan dezakegu Tximitx Derioko euskara elkarteak eta herriko korrika-batzordeak Lingua Nabajorum antzezlana antolatu dutela martxoaren 2rako. Antzezlana Gurea Aretoan izango da arratsaldeko 6etan. Bestalde, Korrika 18k “Lekukoaren bila” ginkana antolatu du. Egitasmoa euskara ikasleei zein gainontzeko herritarrei dago zuzenduta eta horiek proba ezberdinei egin beharko diete aurre: punteria, koordinazioa, oreka... Izena ematea urtarrilaren 28ra arte egin daiteke AEK euskaltegietan. Herrialdeko finala martxoaren 2an izango da; eta final nagusia, Korrikaren amaierako jaian, hau da, martxoaren 24an, Baionan.