Euriteak arazoak sortu ditu Txorierriko hainbat le

Aikor aldizkaria 2013ko ots. 12a, 14:12

Pixkanaka-pixkanaka egoera hobetzen doan arren, oso goiz korapilatsua eduki dugu gaur Txorierriko hainbat lekutan. Bart eta goizaren lehenengo orduetan euria barra-barra ari izan du eta Asua ibaiak gainezka egin du. Horren ondorioz, uholdeak izan dira Loiu, Sondika, Derio eta Zamudioko zenbait tokitan. Lezaman eta Larrabetzun, berriz, ez da arazo aipagarririk egon. Loiun, errepidea moztu da Asuako errotondatik Makrora doan tartean, eta Unbe errepideko tarte bat ere trafikoari itxi da. Biak zabaldu dituzte dagoeneko. Era berean, arazoak izan dira Larrondo auzoan. Kalterik handiena Sangroniz Sondikako industrialdean izan da. Ura lantegi batzuetara sartu da eta errepidea moztu behar izan da Zaramona enpresaren parean. Uholdeek auto batzuk harrapatu dituzte, eta etxe bi eta taberna bat isolatuta gelditu dira. Bestalde, Ola auzoko ortuak urez beteta daude eta bertan ere itxi behar izan da errepidea. Teknologia Parkerako sarbideak trafikoari itxi behar izan dira Derio eta Zamudioko hainbat gunetan eta, horren eraginez, zirkulazio-arazoak izan dira goizeko 10ak arte. Ugaldeguren industrialderako sarbide batzuk ere itxi behar izan dira eta horietako batean hiru auto ez aurrera ez atzera egin ezinik lotu dira.