Larrabetzuko kontsultategi berria ofizialki inauguratu dute gaur, baina martxan martxoaren 11n jarriko da. Areto berria Askatasunaren enparantzan dago, udaletxearen aurrean. Zentroan itxarongela, komunak, sendaketa-gela, eta erizainaren zein medikuaren gelak atondu dituzte. Asun Gaztelu herriko alkatearen esanetan, “kontsultategia handiagoa eta erosoagoa da eta zerbitzu gehiago emango dizkie herriko lagunei”. Esate baterako, odol-ateratzeak astean behin egingo dira Larrabetzun eta, ondorioz, hemendik aurrera herrikoek ez dute Galdakaora joan behar izango hori egitera. Gainera, kontsultategi berrian beste izapide batzuk egiteko aukera ere izango dute. “Osasun-zentroari esker, herritarren ongizatea hobea izango da”, laburbildu du alkateak.
Besteak beste, herritar batzuk, alkatea eta Enrique Maiz Osakidetzako Barrualdeko Eskualdeko zuzendari kudeatzailea batu dira inaugurazioan. Libe Asua larrabetzuarrak ere hartu du parte ekitaldian, bera izan baita zinta moztu duena. Libe 96 urteko andrea da, Gure Etxea jubilatuen elkartearen kiderik adintsuena, alegia. Emakumea dotore-dotore agertu da eta zinta moztu eta gero, gazteleraz zein euskaraz hitz egin die han bildutakoei. Txaloak entzun eta gero kopaua eskaini da.