Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Mihiluze Txapelketa antolatu du bigarren aldiz eta bertan 65 bikotek eman dute izena; 130 ume orotara. Mihiluze 10 urtetik 12 urtera bitarteko umeei zuzendutako txapelketa da eta telebistako saioan dago oinarrituta. Parte-hartzaileek hainbat probari egin beharko diete aurre, haien euskara maila erakusteko. Sondikan 12 bikotek eman dute izena txapelketan; beste 12 bikotek, Lezaman; 17 bikotek, Derion; 12 bikotek, Zamudion; eta beste 12 bikotek, Larrabetzun. Txapelketaren antolatzaileen esanetan, deialdia oso arrakastatsua izan da eta aurten iaz baino zortzi bikote gehiago animatu dira han parte hartzera.
Kanporaketei hasiera eman zaie eta horiek apirilaren 22ra arte iraungo dute. Azaldu diguten bezala, finalaurreko bi egingo dira apirilaren azken astean eta han sei bikote arituko dira: alde batetik, herri bakoitzean kanporaketa gainditzen duen bikotea; eta bestetik, bigarren postuan gelditu eta Txorierri mailan puntuaziorik altuena lortzen duen bikotea. Finalera hiru bikote joango dira eta hura maiatzaren 3an, arratsaldean, izango da Derioko Kultur Birikan. Txapelketa irabazten dutenek Madrileko Warner Parkera bidaia bana jasoko dute saritzat; bigarrenek, Senda Viva Nafarroako Natura-parkera bidaia bana; eta hirugarrenek, Donostiako Aquariumera eta Kutxa Espaziora bidaia bana. Era berean, txapelketaren kamiseta bat emango zaie parte-hartzaile guztiei.