Unai Ibarra sondikoztarra Belgikan eta Frantzian ibili da Urko Real eta Liher Agirre lagunekin. Txirrindulariek Flandeseko Biran (260 km) eta Paris-Roubaix Lasterketan (170 km) hartu zuten parte. “Prestigiorik handiena duten Europako ohiko probetariko batzuk dira. Lehenengoa Aste Santuan egin genuen. Lana dela-eta, pazko-astelehenean itzuli behar izan ginen etxera, eta ostegunean Frantziara abiatu ginen, Paris-Roubaix lasterketan aritzeko”.
Unairen esanetan, oso proba gogorrak izan ziren. Belgikan, bederatzi ordu egin zituzten bizikleta gainean; eta sei ordu, Frantzian. Gainera, hotza handia zegoen. “Brujasetik bi gradu zero azpitik zegoela atera ginen, eta Frantzian 5-6 graduko tenperaturak izan ziren”. Haizeari ere egin behar izan zioten aurre, eta bidea galtzada-harrizkoa izateak zail bihurtu zituen lasterketa biak. “Gorputz-atal guztiek sufritzen dute, eta kontu handiz ibili behar da bizikleta ez apurtzeko. Niri pedalaren ardatza apurtu zitzaidan Flandeseko lasterketan... Orokorrean, oso esperientzia polita izan da. Aldez aurretik ondo prestatu dugu geure burua et ahori oso lagungarria izan da”. Proben giroari buruz, Flandesekoan 16.000 pertsonek parte hartu zutela azaldu digu, eta batzuei irabazi nahi zutela igartzen zitzaien arren, gehienak lasai ibili zirela. “Paris-Roubaix lasterketan 1.600 lagun aritu ginen. Proba lasaia izan zen, jendeak hura amaitu nahi zuen, eta ez bizikleta apurtu”.
Unai Goiherri sokatira taldearen tiratzailea ere bada eta orain Euskadiko Txapelketa du buruan, “ea Europako Txapelketara joateko aukerarik dugun”. Era berean, aipatu digu urrian Amsterdameko maratoian parte hartzeko asmoa duela, “eta haren ostean, bizikleta hartuko dut berriro”.