Adrián López larrabetzuarra, Bizkaiko Lau t´erdiko Txapelketaren irabazlea

Aikor aldizkaria 2013ko mai. 16a, 10:01

Argazkiak: Bizkaiko Pilota Federakuntza

Domekan, Bizkaiko Kluben Lau t´erdiko Txapelketa – Derioko Koparen finalak izan ziren hango frontoian. Adrián López Larrabetzuko pilotaria nagusitu zen sub-22 kategorian eta irabazi egin zion Izurietari. Gainera, aipatu beharra dago larrabetzuarrak GRAVN Lehiaketa ere irabazi duela. Lópezek Galdakaoko Kerman Galarza eduki zuen bikote txapelketan eta finalean Gipuzkoako Jaka-Tolosa bikotearen kontra aritu ziren. Derion jokatu ziren beste partidei dagokienez, Arrankudiagako Arandia pilotariak Dimako Zapiko pilotariari irabazi zion kadete mailan; Gernikako Etxebarriak Leioako Uriberi, gazte mailan; eta Usansoloko Asier Beitiak Ortuellako López Aldairi, nagusi kategorian. Sari-banaketako ekitaldian hauek hartu zuten parte: Lander Aiarza Derioko alkateak, Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzaren zuzendaritza-kideak, enpresa laguntzaileen ordezkariak eta Gorka Iraizoz Athleticen atezaina. Antolatzaileek azaldu duten bezala, txapelketaren finalak zein finalaurrekoak erabat arrakastatsuak izan dira eta bertan jendetza handia batu da. Besteak beste, kamisetak, plastikozko saskiak eta takoak egiteko tresnak zozketatu ziren finaletan. Era berean, Eskubi eta Xare Bizkaiko Pilota Federakuntzaren maskotek partidak girotu zituzten.