Herriko tabernen aurkako epaiketa

Aikor aldizkaria 2013ko urr. 24a, 10:09

Urriaren 17an hasiera eman zioten herriko tabernen aurkako epaiketari. Auzi horren haritik HB, EH eta Batasuneko 36 lagun epaituko dituzte, eta 110 herriko taberna. Horien artean Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzuko herriko tabernak daude. Epaiketara Karlos Arranz azalduko da Derioko herriko tabernaren erantzule zibil moduan; Karlos Martinez de Morentin, Zamudioko herriko tabernaren erantzule zibil moduan; Jabi Agirre, Lezamako herriko tabernaren erantzule zibil moduan; eta Aitor Aiarza, Larrabetzuko herriko tabernaren erantzule zibil moduan. Herriko tabernei ETA erakundea finantzatzea leporatzen diete, eta Herri Batasuneko zinegotziei ere dirua ematea. Epaiketaren lehenengo egunean aurretiazko arazoak aztertu ziren. Jabi Agirrek esan digun bezala, epaiketak luze joko duen arren eta zer gertatuko den jakiterik ez badago ere, aurreko epaiketak bezain gogorra izango ez den inpresioa atera zuen lehenengo saiotik. Hala, esate baterako, abokatuak herriko tabernen ordezkariak epaiketaren hurrengo 10 saioetara joan behar ez izateko eskaria egin zuen eta epaileak hori onartu zuen. Txorierriko herriko tabernen ordezkariek bertan kultur arloan egiten den lana azpimarratu dute eta, hortaz, urteetan elkarte hauetan antolatu diren ekitaldiak: erakusketak, hitzaldiak, irteerak, bertso-saioak eta azokak, batzuk aipatzearren. “Lezamako herriko taberna martxan jartzeko kreditu bat eskatu behar izan genuen orain dela 18 urte, eta oraindik ez dugu garbitu”, gehitu du Agirrek. “Beraz, ipinitako dirua elkartea aurrera ateratzeko izan da, eta ez inor aberasteko, edo erakunde bat finantzatzeko”,. Bestalde, aipatu beharra dago Segi erakundeko kidea izatea leporatzen dieten 40 gazteen aurkako epaiketa ere urrian hasi dela. Inputatuen artean, Haritz Petralanda Zamudioko gaztea dago.