Genero-indarkeriaren aurkako ekitaldiak

Aikor aldizkaria 2013ko aza. 22a, 12:34

Azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Eguna izango da eta data horren inguruan hainbat ekitaldi egingo dira gure bailaran. Urriko alea itxi orduko, Derion eta Zamudion antolatu diren ekitaldien berri eduki dugu. Garbiñe Etxebarria psikologoak hitzaldi bat eskainiko du azaroaren 19an, 17:00etan, Derioko Kultur Birikan. Bertan, adinaren araberako genero-indarkeriaren motak aztertuko ditu. Azaroaren 23an, autodefentsa ikastaroa egingo da, 09:30etik 14:00etara, kiroldegian. Izena ematea azaroaren 19ra arte egin daiteke Kultur Birikan edo Udaletxean. Azkenik, azaroaren 24an, manifestazio bat egongo da genero-indarkeriaren aurka. Manifestazioa 12:45ean aterako da San Isidro elizatik eta Udaletxean amaituko da. Han manifestu bat irakurriko da. Ekitaldiak Sutondoan eta Derioko Udalak antolatu dituzte. Bestalde, azaroaren 25ean elkarretaratze bi egingo dituzte Zamudioko Sabino Arana plazan. Bata eguerdiko 12etan izango da; eta bestea, arratsaldeko 7etan. Larrabetzun ere elkarretaratzea egingo da plazan, 19:30ean. Horrezaz gainera, Te doy mis ojos zineforuma egingo da 18:30ean, Anguleri Kultur Etxean.