Euskaltzaleen Topagunea elkarteak bat egingo du abenduaren 3an egingo den Euskararen Nazioarteko Egunarekin. Eta horretarako, “Euskarak 365 egun” kanpaina jarri du abian, euskaltzaleak plazara ateratzeko asmoarekin. Antolatzaileek euskararen normalizazioaren alde euskaltzaleek egindako lana aldarrikatu nahi dute. Era berean, etorkizunean ere hizkuntzaren normalizazioari bultzada berri bat emateko deia egin nahi diete euskaltzaleei, bakoitzak bere lekutik (euskaltzale elkarteetatik, bestelako gizarte mugimendutatik, erakundetatik edo enpresatatik) euskaraz bizitzeko aukerak sortzen jarraitzeko.
Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak ekimenaren izaera herritarra azpimarratu du. Izan ere, ekimenaren kimua Durangoko Berbaro taldeak erein zuen 2011ko abenduan. Taldekideek euskaltzaleek urte osoan egindako lanaren aitortza egin nahi izan zuten eta abenduaren 3a lan hori kaleratu eta areagotzeko baliatu nahi izan zuten. Ekimena Euskal Herri osora zabaltzeko proposamena begi onez ikusi dute Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek eta Berbaro taldearentzat pozgarria izan da Durangon hasitakoa Euskal Herriko txoko ezberdinetara hedatzea.
Euskal Herri osoan 50.000 kartel banatu dira eta euskaltzaleen babesa bilduko duen webgunea jarri da martxan (365egun.eu). Webgune honetan euskaltzaleek beraien argazkiak igo ahal dituzte, babesa adierazteko. Herriz herri antolatuko diren bilkuren berri eman da, herritarren agerraldian eta manifestu baten irakurketan oinarrituko diren bilkurak. Ekitaldi guztien berri 365egun.eu webgunean ere jaso ahal izango da.
Informazio gehiago:
www.topagunea.org
Euskara