Azaroan Bizkaiko Gizon Proba Txapelketa izan zen Nabarnizen eta Iñigo Aurrekoetxea “Gotxa” derioztarrak irabazi egin zuen 85 kilotik azpiko kategorian. Derioztarrak iaz ere irabazi zuen txapelketa eta Euskadiko txapelduna ere bada kategoria horretan, eta txapeldunordea pisu libreko kategorian. “Oso pozik nago. Orain Euskadiko Txapelketa dut buruan. Uste dut badudala hori irabazteko aukera”.
Aurrekoetxearekin batera Gorka eta Aitor De la Concepción anaiek hartu zuten parte Bizkaiko txapelketan. Gorka (Erandio Goikoa) Bizkaiko txapelduna izan zen pisu libreko kategorian eta Aitorrek (Loiu) laugarren postua eskuratu zuen.
Hirurak daude Txorierri Herri Kirol Taldean eta buru-belarri dabiltza entrenatzen Mungiako Udalak erabiltzen utzi dien instalazioetan. Hala, Iñigok eta Gorkak erronka berri bati egingo diote aurre urtarrilean. Larrakoetxen idi-probak egongo dira urtarrilaren 11n eta 12an eta kirolariei bata bestearen kontra lehiatzeko proposamena egin diete. Desafioa hilaren 12an izango da eta parte-hartzaileek 800 kiloko harri bat eraman beharko dute narrasean, ea nork mugitzen duen denbora gehien.
Bestalde, aipatu beharra dago aurten Gorkak Bizkaiko Txinga Txapelketa irabazi duela; eta Iñigok, Ingude eta Fardo Altxatze Txapelketak.