Txorierritarron esku

Aikor aldizkaria 2014ko urt. 13a, 14:45

Argazkia: Asier Olazar

“Gure esku dago” Euskal Herri mailan martxan jarri den egitasmoa da eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea du helburu. Kanpaina Txorierrin ere sustatu da eta, herrika aurkeztu ostean, otsailaren 8an ekitaldi bat egingo da Lezaman, haren ildo nagusiak herritarrei azaltzeko. Sentsibilitate ezberdinetako lagunek osatzen dute “Gure esku dago” herri ekimena, eta hori sentsibilitate ezberdinetako lagunei dago zuzenduta. Ekainaren 8an aurkeztu zen Fikoba Irungo aretoan eta, Txorierriko sustatzaileek azaldu diguten bezala, hiru ardatz edo ideia nagusi ditu. Ideiok hauek dira: “herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta eskubide hori gauzatzea herritarron esku dago”. Egitasmoaren haritik giza kate bat egingo da ekainaren 8an, Durango eta Iruña lotuko dituena. Ehun eta hogeita hiru kilometro orotara. “Txorierrikook kilometro bat bete beharko dugu Uharte Arakilen; 100. kilometroa hain zuzen ere. Gutxienez 400 lagun behar ditugu kilometroa osatzeko, baina gure erronka zifra bikoiztea da. Ea hara 800 lagun joatea lortzen dugun!”. Gaur egun kontzientziazio lana egiten dabiltza kanpainaren sustatzaileak, atxikimenduak lortu. “Giza katea lehenengo urratsa izango da eta hark zelako babesa jasotzen duenaren arabera, guztion artean erabakiko dugu nolako pausoei jarraituko diegun”. Txorierrin, dinamikak bultzatu dira herri guztietan, eta egitasmoa urtarrilean eta otsailean aurkeztuko da jendaurrean: - Zamudio: urtarrilaren 24an, 19:00etan, Zamudiotorren. - Derio: urtarrilaren 16an, 19.00etan, Kultur Birikan. - Larrabetzu: urtarrilaren 17an, 19:00etan, eskolan. - Loiu: urtarrilaren 17an, 20:00etan, liburutegian. - Lezama: urtarrilaren 24an, 19:00etan, udal erakusketa aretoan. - Sondika: datozen egunetan jakinaraziko da. Bestalde, “Gure esku dago” ekimenaren aurkezpen nagusia otsailaren 8an, 19.00etan, izango da Lezamako frontoian. Bertan kanpainaren ildo nagusiak azalduko dira eta Txorierrin egin den bideoa aurkeztuko da. Horrezaz gainera, Kanta zati bat abestiaren estrofa bat hartu eta horretan oinarrituta mosaiko bat osatuko da. Atxikimenduak batuko dira eta antolatzaileek espero dute ekitaldian Txorierri mailan erreferenteak diren lagunek parte hartzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).