Tapoiak biltzeari utziko dio Garmitxak

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 18a, 15:17

Elkartetik jakinarazi duten moduan, martxoaren 31n amaiera emango diote plastikozko tapoiak biltzeko kanpainari. Kanpaina 2011ko uztailean hasi zuten, elkartea eratu zenean. Handik hona, eta haien inguruan sortu den lagun-sare solidario bati esker, tapoiak batu dituzte, besteak beste, tabernetan, dendetan, ospitaleetan eta gasolindegietan. Baina, lana ez da bilketarekin amaitzen: tapoiz betetako poltsak edo kutxak biltegirako utzi dieten lursail batera eraman eta han, edukiontzi handi batean, hustu egiten dituzte. Edukiontzia betetzeko, 4.000 kilo tapoi behar dira. Datu batzuk ematearren, iaz 24 edukiontzi bete zituzten; 21, aurreko urtean. Azaldutakoaren arabera, lana gehiegizko bihurtu da denboraren poderioz. Izan ere, gero eta tapoi gehiago batzeaz gainera, bilketari eta hustuketari beste lan bat gehitu zaie: leku berrietara joan behar izatea tapoien bila. “Azkenaldian badirudi gure bizimoduak ez duela jarraibiderik tapoien inguruan ez bada. Eta uztea erabaki dugu. Muga batera iritsi gara eta ezinezkoa dugu jarraitzea”. Elkarteak bihotzez eskertzen du Euskal Herriko eta Estatuko hainbat herrietako lagunek emandako laguntza. “Kanpainaren gauzarik aberasgarriena ez da batuko dirua izan, baizik eta bidean ezagutu ditugun lagun zoragarri eta solidarioak”. Garmitxa elkartea Garikoitzen (Larrabetzu) eta Mikelen (Urtuella) gaixotasunaren haritik sortu zen 2011ko uztailean. Umeok ezin dute elikagairik hartu, eragin suntsigarria dutelako euren organismoarentzat. Gaixotasun arraroa da eta tapoiak biltzeko kanpainak ikerketarako bide bat zabaldu eta hori finantzatzea eduki du helburu. Elkartearen esanetan, horretarako nahikoa dirurik batu ez duten arren, lehenengo pausoak ematen hasteko dirua lortu dute. Hala, joan den urteko ekainean mediku talde batek azterketa bat abiatu zuen, balizko mutazioak edo genetika-alterazioak antzemateko asmoarekin. Kanpaina amaitzen denean, elkarteak ezagutzera emango du orotara zenbat tapoi kilo jaso duten eta zenbat diru batu duten.