Lezamako trenbide zaharraren aldeko mendi martxa

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 24a, 11:58

Zorri bike eta Bizi Txorierri elkarteek mendi martxa bat antolatu dute martxoaren 30erako, Lezamako trenbide zaharraren alde. Martxa laugarren aldiz egingo da, eta helburu bi edukiko ditu: alde batetik, Bilbo eta Derio lotzen zituen trenbidea ezagutaratzea; eta bestetik, trenbidea “bide berdea“ izendatzeko proiektuari bultzada berri bat ematea. Azaldu duten moduan, proiektua erakunde publikoetan geldituta dago eta aurrera ateratzea lortuz gero, “Bilbo eta Txorierri lotuko dituen bide berde bat izango da eta ibiltariek, txirrindulariek eta gure historia zein natura maite dugunok bideaz gozatu ahalko dugu“. Hitzordua goizeko 10etan ipini dute Bilboko San Nicolas geltokiaren aurrean. Ibilbide bi prestatu dituzte oinez egiteko. Martxa laburra bost kilometrokoa izango da eta trenbidearen tunelera arte helduko da. Ostean, La Salvetik jaitsiko da Guggenheim museoraino. Martxa luzeak, berriz, zortzi kilometro edukiko ditu eta Sondikako La Ola geltokian amaituko da, bertatik etxera trenez itzultzeko. Martxa mendiko bizikletaz ere egin ahalko da, Artxanda ingurutik ibilbide alternatibo bat prestatu delako. Nolanahi ere, parte-hartzaile guztiak tunelaren ondoan batuko dira, bertan hamaiketakoa egiteko. Informazio gehiago: http://bizitxorierri.wordpress.com.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).