Zamudioko langabetuen elkartea inguruko obretan azaldu da

Aikor aldizkaria 2014ko mar. 6a, 15:36

Joan den martitzenean, Elkarrekin Aurrera Zamudioko langabetuen elkarteko eta Uribe Butroiko Langabetuen Asanbladako 30 kide Zamudion eta Derion egiten ari diren hiru obretara azaldu ziren. Zamudioko elkartetik adierazi duten moduan, obren arduradunekin hitz egin zuten han lan egiteko dauden aukerei buruz eta beren burua eskaini zuten egon litezkeen lanpostuak betetzeko. Hiru obretariko bitan laster langile berriak kontratatzeko asmoa zutela esan zieten, eta haien eskaintza kontuan hartuko zutela. Lehenengo aldia da elkarte biek ekintza bat elkarrekin egiten dutela. Azaldu duten moduan, oso kezkatuta daude eskualdean dagoen langabezia-tasagatik eta familiek pairatzen duten estutasun ekonomikoagatik. Horren haritik erabaki dute estrategia berri bati hasiera ematea eta industrigunetan eta lantokietan zuzenean agertuko dira. Horrezaz gainera, guztien artean lanean hasteko deia egin diete tokiko agintariei, enpresariei eta gizarte taldeei. Lan horrek hiru ardatz edo helburu nagusi izango lituzke: eskualdearen berpizte ekonomikoa, bertoko langabetuak kontratatzearen alde egitea eta kontratu berriak sortzea, eta pobrezia ekonomikoari aurre egitea.