Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak Osasunaren Astea antolatu zuen apirilean eta, besteak beste, lasterketa-martxa bat egin zen Deriotik Zamudioraino. Ekitaldiaren haritik kamisetak ipini ziren salgai eta batutako dirua Gure Señeak Derioko elkarteari eman zioten. Orotara 1.600 euro batu ziren. Elkartea pozik azaldu da jasotako laguntzarekin. “Diruaz aparte, publizitate apur bat ere lortu dugu. Izan ere, guretzat dirua premiazkoa da, baina baditugu beste helburu batzuk ere, hala nola gure umeen integrazioa arlo guztietan, elkartasuna balio moduan hedatzea edo boluntarioen papera”. Dirua batzea gero eta zailagoa dela esan digute. “Lan handia egin behar dugu, familiek dituzten premiak betetzeko, gauza berriak asmatu”. Nolanahi ere, derioztarrek elkartearekiko adierazi duten jarrera ona azpimarratu dute. “Derio herriarekin zor gaude hasieratik”.
Gure Señeak irabazteko asmorik gabeko elkartea da, gaixotasun arraroak edo ezgaitasun larriak dituzten umeen familiei laguntza ematea helburu duena. Era berean, ume horien bizi-kalitatea hobetzeko egiten du lan, horien eskubideak errespeta daitezen eta erabateko berdintasuna lor dezaten.