Udako argazkiak

Aikor aldizkaria 2014ko eka. 23a, 09:28

Aurreko urteetan bezala, Altzora Sondikako euskara elkarteak argazki lehiaketa antolatu du udako oporren haritik. Argazkiak uztailaren 1etik irailaren 12ra arte bidali behar dira altzora.ee@gmail.com helbide elektronikora, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez argazki bi aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara. Argazkiarekin batera datuok ipini beharko dira: izen-abizenak, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta argazkia non eta noiz atera den. Nahi izanez gero, argazkiaren izenburua ere idatzi ahal izango da; eta lerro batzuk ere argazkiari buruz. Irabazleak sari bi edukiko ditu aukeran: lagun birentzako bazkaria Zerurena Sondikako jatetxean, edo landetxe batean gau bat ematea. Beraz, badakizue, oporrak Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, hondartzan zein mendian, hirian zein herrian... ematen dituzuela ere, argazki-kamara hartu eta momentuak harrapatu. Udako argazkiek saria dute-eta.