CemenDerioRock jaialdia (CDR) Santzoka Derioko elkarteak urtean zehar antolatzen dituen ekitaldirik garrantzitsuenetariko bat da. Hain garrantzitsua, ezen aurten zazpigarren aldiz egingo baitute.
Jaialdia azaroaren 1ean izango da aurten eta, azaldu digutenaren arabera, arratsaldeko 5etan trepakalejiran aterako dira Kultur Birikatik. “Deustuko gaztetxekoek utzitako gurdi bat erabiliko dugu”. Frontoitik oinezkoentzako gunera joango dira eta adi egon beharko da, “sorpresaren bat egongo delako”. Kazan Zamudioko urbanfolk taldeak kontzertu akustiko bat eskainiko du iluntzeko 8etan oinezkoentzako gunean.
Ostean, herri afaria egingo dute frontoian. Afarian nahi duen guztiak hartu ahalko du parte eta baldintza bakarra bakoitzak bere jatekoa eramatea izango da. Antolatzaileek janaria egiteko plantxak, mahaiak, aulkiak eta mahai-tresnak ipiniko dituzte parte-hartzaileen eskura.
Kontzertuak gaueko 12etan hasiko dira eta eszenatokira Undécimo mandamiento, Bajo presión eta Inmolados taldeak igoko dira. Kontzertuak amaitzen direnean, dj batek hartuko du gaua girotzeko ardura. Txosnari esker ateratzen duten diruaren zati bat herriko egitasmo edo jarduera bati laguntzeko erabiliko dute. “Iaz, adibidez, herriko rokodromoa hobetzera bideratu genuen”. Beste zatia hurrengo CDR jaialdia antolatzeko erabiliko dute.