Ekidazu bere 13. urteurrena ospatzen dabil

Aikor aldizkaria 2014ko abe. 2a, 14:06

Argazkiak: Ispizua

Ekidazu Lezamako abesbatzak 13 urte bete ditu eta, urteurrena ospatzeko, kontzertu berezi bat eskaini zuen azaroaren 21ean, Santa Zezilia Egunaren bezperan. Emanaldia Andra Mari Lezamako elizan izan zen eta Ekidazu abesbatzaren kideek ohiko errepertorioa kantatu zuten jendaurrean: Aleluia, Lau teilatu eta Iaute, iaute, abesti batzuk aipatzearren. Lezamarrekin batera, Otxarkoagako Talde Korala eta Larrabetzu Ganbara Orkestra aritu ziren kantaldian. “Urteurrenak borobilagoak izaten dira normalean. Hamargarrena, hogeita bosgarrena, urrezko ezteiak… Guk, ostera, hamahirugarrena aukeratu dugu, zenbaki berezia delako, diferentea…” esan zuen Fernando Olabarrietak, abesbatzako kideetariko batek. “Baina, azken batean, zenbakia baino ez da; geldiune txikia, joan dena errepasatzeko, oraina ospatzeko eta etorkizuna prestatzeko. Aitzakia bat, koruari eta musika koralari bultzada bat emateko”. Oso ekitaldi berezia eta hunkigarria izan zen eta bertan abesbatzatik pasatu diren zuzendari gehienek ere hartu zuten parte. Bestalde, aurten lau kontzertu emango dute Txorierriko Gabon-kanten jaialdiaren barruan. Lehenengoa abenduaren 12an, 20:00etan, eskainiko dute Lezamako elizan, Txorierriko beste abesbatzekin batera: Ipar-Alde (Derio), Zamudioko Kamara Korala, Gaztelumendi (Larrabetzu), Txuma Olagüe eta Olagüe elkartea (Sondika). Bigarrena, abenduaren 13an, 20:00etan, izango da Derion, eta hilaren 19an, 20:00etan, Larrabetzun egongo dira. Azken kontzertua abenduaren 27an,19:45ean, emango dute Sondikan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).