Euri zaparradak, baina arazo larririk ez

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 2a, 11:48

Joan den asteburuan euri zaparrada itzelak izan ditugu Txorierrin, batez ere ostiralean. Horrek arazo batzuk sortu ditu gure errepideetan, Asua ibaiak gainezka egin duelako zenbait tokitan. Derion, esate baterako, Ugaldeguren industrigunerako sarrera moztu behar izan zuen Udaltzaingoak. Sondikan, Txorierriko korridorearen alboan, trenbidearen azpian doan bidea itxi behar izan zen trafikorako. Era berean, arazoak egon ziren Sangroiz industrigunean dagoen zubi zaharraren inguruan. Loiun, Bidekurtze bidea moztu zen, Larrondo auzoan; eta Larrabetzun, Bidekurtzeta. Lezaman, lur-jausi bat gertatu zen Ganguren aldean barikuan. Hori barikuan bertan konpondu zen, baina asteburuan lurra berriro etorri da behera eta gaur konpontzea espero dute. Bitartean, beherantz doan bidea itxi dute. Azkenik, Zamudioko kiroldegiko aparkalekua urez bete zen eta hara sartzea debekatu zuten. Era berean, A-8 autobiderako sarrera itxi zen Torrelarragoiti industriagunean.