Txorierrin ez dago arazo larririk, elurra dela-eta

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 4a, 13:06

Elurra mara-mara dabil goiz osoan zehar. Horrek zirkulazioa oztopatu egin du, hala ere Udaletxeetatik esan digute Txorierriko errepideetan ez dela arazo larririk egon. Gidari eta auzokide batzuek, berriz, susto ederra hartu dute. Sondikan, esate baterako, auto batzuk galtzadatik irten dira Artxandarako bidean, eta auto batzuk elurrak harrapatuta lotu dira Pike bidean. Derioko udaltzainek esan diguten bezala, auto batzuek laprast egin eta arekara joan dira. Era berean, herritar batzuk erori dira eta auto-istripu bat egon da Artebakarran. Goi-tentsioko kable batek txinpartak atera ditu Inbisa eraikinetik hurbil. Goitioltza eta Aretxalde Lezamako auzoetakoek arazoak eduki dituzte etxetik ateratzako, elur-estaldura handia zegoelako. Udalak traktore bat bidali du bideak garbitzeko eta arazo barik ibil daiteke orain. Bestalde, Txorierrirako sarbideetan arazo handiak izan dira lehenengo orduetan, eta Santo Domingo itxita dago. Gainera, Txorierriko korridorean auto batek sua hartu du, kolpe baten ostean. Aurrekoa lerro hauek idatzi orduko jasotako informazioa da, baina elurrak mara-mara jarraitzen du eta adi egon beharko gara datozen orduetan zer gertatzen den. Zuk ere zure herrian edo auzoan gertatzen denaren berri eman ahal diguzu, informazio osatuagoa izateko. E-maila bidali ahal diguzu aikortxori@aikor.com helbide elektronikora, edo informazioa facebook edo twiterren bidez partekatu: facebook.com/aikor.txorierrikoaldizkaria eta @AikorTxorierri.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).