Txorierritarrak, Korrikarekin bat Urepelen

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 24a, 14:55

Argazkiak: Gabriel Etxebarria eta Ibai Elorriaga

Korrika martxoaren 19an atera zen Urepeletik eta ordutik hona Euskal Herriko udalerriak eta kaleak zeharkatzen dabil, tipi-tapa eta eten barik. Txorierrin bidaia antolatu zen Korrikaren hasieran parte hartzeko, eta Nafarroa Behereko udalerrira autobus bi irten ziren. Nolanahi ere, beren kabuz joan zirenak ere hartu behar ditugu kontuan, asteburu luzea izan zenez, ziur gaude askok aukera aprobetxatu zutela, inguruko herrietan egun batzuk emateko. Txorierritarrek euskaltzalez gainezka topatu zuten Urepele; eta festa giroa, nagusi. Korrikaren 19. edizioa martxoaren 29an ailegatuko da Txorierri. Goizaldeko 4,50ean sartuko da Larrabetzutik eta bailara osoa zeharkatuko du, Erandiogoikotik Bilborako bidea hartzeko. Korrikaren inguruan hainbat ekitaldi egin dira gure herrietan, eta asteburu honetan ere, besteak beste, korrika txikiak, bertso-afariak eta musika edukiko ditugu. Martxoak 27, barikua –Txorierriko Korrika Txikia, 11:00etan, Derion. Institutuko ikasleek hartuko dute parte. –Korrika Txikia, herriko eskolek antolatuta. –Bertso afaria, 21:00etan, Lubarrieta jatetxean, Zamudion. Onintza Enbeita, Etxahun Lekue eta Beñat Ugartetxea bertsolariak, eta Maite Berriozabal gai jartzailea arituko dira. –Txokolatadea, enkantea eta musika eskolarekin. 17:00etatik aurrera, Larrabetzun. Martxoak 28, zapatua: –Garagardoa dastatzea eta kontzertua, Hori Bai gaztetxean, Larrabetzun. –Umeentzako jaia, poteoa eta Korrika bazkaria Casino jatetxean. Sondikan. - Lezaman: 11:30ean, diana; 12:00etan, umeentzako tailerrak, puzgarriak...; 14:00etan, herri bazkaria (bakoitzak bereaz arduratu); 17:00etan, Zorrikorrika (herri erdigunetik Kurtze auzora arte); 19:00etan, Txokolatada (Kurtze auzoan); eta 20:00etan, Erromeria. Martxoak 29, domeka: KORRIKA EGUNA –Txokolatadea, Zamudioko Amairu tabernan. –Txokolatadea Sondikako Txoko Kremlimen.