Ekitaldia Sondikako Kultur Etxean egin zen eta bertan “Gu ere bertsotan” egitasmoan ibili diren Txorierriko bost ikastetxetako 150 umek hartu zuten parte. Ekitaldiak amaiera ederra eman zion aurtengo ikasturteari eta hura Etxahun Lekue Etxebarria bertsolariak eta irakasleak zuzendu zuen.
Gaztetxoak taldeka igo ziren oholtzara eta ikastetxean landutako bertso-sortak abestu zituzten. Kantaldia ere egin zen eta ikasleaz gainera, irakasleak eta udal teknikariak ere animatu ziren kantatzera. Horretarako, Beñat Aiartza gitarra-jotzailearen laguntza eduki zuten. Aitor Arrutia Azkueta eta Ander Elortegi Garatea bertsolariak bat-batean aritu ziren eta barrea eragin zieten gaztetxoei.