Gure esku dago hiritarren plataformak jai-eguna antolatu zuen atzo Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan. Gaur hautetsontzia, bihar erabakia lelopean, milaka eta milaka lagun batu ziren, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Bilboko ekitaldian zenbait txorierritarrek egin zuten bat aldarrikapenarekin.
Jaia goizean hasi zen. Bilboko itsasadarraren bi aldeetan herritarrek egindako ohial erraldoi bat zabaldu zen. Arratsaldean, ekitaldia nagusia egin zen San Mames futbol zelaian. Oihan Vega eta Ainhoa Vitoria aurkezle aritu ziren eta haiekin batera hainbat lagunek hartu zuten parte ekitaldian: Kepa Junkera eta Rafa Rueda musikariek, Kirmen Uribe idazleak, Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek.... Futbolariak ere baziren protagonistak. Izan ere, Jose Anjel Iribar, Inaxio Kortabarria eta Eba Ferreira futbolari ohiek hautetsontzia ekarri zuten zelai erdira eta han utzi zuten ekitaldia amaitu arte. Sinbolismoz betetako ekintza honetan Arrate Orueta Athleticeko jokalari txorierritarrak ere hartu zuen parte. San Mames zelaia erabat bete ez arren, antolatzaileak pozik agertu ziren parte-hartzaileen kopuruarekin.
Politika