Martin Mac-Gragh zamudioztarrak eta Alizia Olazaba

Aikor aldizkaria 2015ko ira. 2a, 12:07

Argazkiak: Gaizka Peñafiel

Joan den domekan “Lezamako mugetatik” mendi lasterketa egin zen hamargarren aldiz. Lasterketan 189 korrikalarik eman zuten izena. Horietatik 157 irten ziren eta 151k amaitu zuten proba. Korrikalariek 24 kilometroko ibilbidea egin zuten eta Martin Mac-Gragh zamudioztarra nagusitu zen gizonezkoen kategorian (01:56:12). Bere atzetik, Iban Buceta (01:58:18) eta Diego Pascual (01:59:39) ailegatu ziren helmugara. Emakumezkoen kategoria Alizia Olazabalek irabazi zuen (02:08:36). Olazabal hirugarren urtez izan da txapelduna, eta helmugara Sandra Sevillano (02:15:40) eta Monica Grajeraren aurretik (02:24:47) heldu zen. Bestalde, eta lasterketaren barruan, Gangureneko igoera kronometratu da lehenengo aldiz aurten. Igoerak 3,5 kilometro ditu eta probari “Ganguren ziztu bizian” ipini diote izena. Azkarrena Iban Buceta izan zen gizonezkoen kategorian (24:26), eta Alizia Olazabal emakumezkoen kategorian (28:12). Lasterketarekin batera, mendi ibilaldia eta martxa txikia ere antolatu ziren, eta bertan 400 bat lagun aritu ziren. Bero handia egon zen domekan, baina goiz osoan zehar giro ederra izan zen Lezaman. Horrela, bada, herri piperrada egin zen, odolosteak eta txakolina dastatzeko aukera egon zen eta paella erraldoi bat prestatu zen. “Lezamako mugetatik” mendi lasterketa eta ibilaldia Mugetatik lezamar kirol klubak antolatu du eta antolatze-lanetan 60 lezamar aritu dira.