Nekazaritza azokak

Aikor aldizkaria 2015ko ira. 29a, 10:41

Argazkia: Loiuko Udala. Lezaman, “Denon artean” azoka egingo da lehenengo aldiz; eta Loiuko azokan euskal baserriko oilasko-pintxoak eskainiko dira

Lezamako Nekazaritza Azokak berrikuntza bi ekarriko ditu aurten. Alde batetik, azoka domekatik zapatura aldatu da, urriaren 17ra hain zuzen ere, eta bestetik, izen berria ere edukiko du: Denon Artean. Izan ere, azoka Udala eta Saretzen elkartearen artean antolatu da aurten. Elkarte horretan herriko ostalariak, merkatariak eta enpresariak daude batuta. Nekazaritza azoka 11:00etatik 15:00etara egongo da zabalik, eta, betiko moduan, produktu sorta zabala ipiniko da ikusgai eta erosgai: ortuariak, fruta, ogia, gazta… Era berean, erakusketak eta erakustaldiak egongo dira: bizikletak, argazkiak, barazki kontserbak… Eguerdian, herri bazkaria izango da, eta hainbat ekintza arratsaldean: tailerrak, kale antzerkia eta ipuin kontalariak, haien artean. Iluntzean, berbena bat egongo da. Beraz, azokaren formatua ere aldatuko da eta hemendik aurrera egun osoa iraungo du, herritarrei eta bisitariei aukera gehiago eskainiz. Bestalde, Loiuko Gastronomia eta Eskulangintza Azokak 23. edizioa beteko du aurten. Urriaren 18an, domekan, egingo da, eta, ohikoa den bezala, salmenta-postuak Herriko plazan, Alonsotegi plazan eta frontoian ipiniko dira. Bertara baserriko produkturik onenak eramango dira, eta artisauen lanak ikusi eta erosteko aukera ere egongo da. Azokari 10:00etan emango zaio hasiera, eta 12:00etan Bizkaiko txakolina eta euskal baserriko oilaskoa dastatu ahalko da. Herri kirolek ere beren lekua edukiko dute azokan, 13:00etan erakustaldi bat egingo da-eta. Azkenik, 15:00etatik aurrera Erromeria egongo da Akerbeltz taldearekin. Loiukoa azoka beteranoa da eta urterik urte jendetza batzen da bertan. Urriko hirugarren asteburuan, beraz, hitzordu garrantzitsu bi edukiko ditugu nekazaritza munduarekin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).