250 buruko artaldea Larrabetzutik pasatuko da, tra

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 7a, 13:42

Argazkiak: getxo.eus

Artaldea Mikel Etxezarreta artzainak gidatuko du eta bihar aterako da Zegamatik. Lau eguneko ibilbidea egin ostean, urriaren 12an, astelehenean, Algortara ailegatuko da. Transhumantzia 80ko hamarkadara arte iraun zuen Euskal Herrian eta ekintzak gogora ekarri nahi du ohitura hori. Ibilbidea oinez egingo dute, baina tarte batzuetan ardiak trailer batean sartu beharko dira. Lehenengo egunean Urbia (Zegama) eta Otxandioren arteko etapa egingo dute, eta bigarren egunean Artaunera (Dima) ailegatuko dira. Hirugarren egunean, urriaren 10ean, Larrabetzura abiatuko dira eta hara arratsaldeko 6etan inguru ailegatuko dira. Laugarren egunean Barrikara helduko dira, eta azkenik, bosgarren egunean, eta eguerdiko ordu-biak aldera, Algortako Geltokia plazara. Fredi Paia eta Aitor Gisasola getxotarrek Etxezarreta eta bere artaldearekin batera egingo dute ibilbidea, hori Akabuko martxedokumentalean jasoko baitute. Gipuzkoako Goierriko artzainak, belaunaldietan, Uribe Kostaraino hurbiltzen ziren neguan, mendialdeetako elurtzetatik ihesi eta artaldeentzako larre bila. Mikel Etxezarreta gurasoekin etortzen zen txikitan. “Burura oroitzapen ugari datozkit, garai bateko pertsonak, tokiak, bidaiak. Niretzak oso emotiboa da eta ia sinestezina berriro egitea. Oso pozik nago, baina aldi berean, oso urduri ere, artaldea onik heltzen dela ikusi arte. Pozik baina burukominak eta kezka ere sentitzen ditut”, aitortu du artzainak. Ekintza hainbat erakundek sustatu dute, hala nola Getxo, Zegama eta Idiazabalgo Udalek, Uribe Kostako Mankomunitateak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.