Irati Etxebarriak eta Patri Espinarrek irabazi dute Eskuz Binakako Emakumeen Cup txapelketaren bigarren edizioa. Finalak Larrabetzuko frontoian jokatu ziren atzo, martxoaren 6an, eta lehen mailakoan txapeldunek 22-11 irabazi zioten Nerea Sagarnak eta Nagore Bilbaok osatutako bikoteari. Espinar pilotari galdakaoztarra partidaren jokalaririk onena izan zen. Bere atzean, Etxebarria larrabetzuarra ere aritu zen primeran. Era berean, bigarren mailako finalean Lutxi Fonseka eta Iratxe Ibarra 22-8 nagusitu ziren Paula Iturbide eta Arrate Gazteluren kontra. Lutxi, Arrate eta Paula larrabetzuarrak dira.
Bizkaiko Pelota Federakuntzak bigarren aldiz antolatu du aurten Eskuz Binakako Emakumeen Cupa. Kanporaketak otsailean hasi ziren jokatzen maila bitan. Guztira, Bizkaian federatuta dauden 35 nesketatik 20k hartu dute parte txapelketan. “Jokoaren maila gero eta hobea da, azken urte biotan, neskek izugarri egin dute hobera”, esan digu Xabier Santamaria Federakuntzaren zuzendari teknikoak. “EiTB-1k lehendabiziko aldiz zuzenean eskaini zituen finalak eta hori oso pozgarria da guretzat, alde batetik, oihartzun handia ematen diolako txapelketari; eta bestetik, emakumeen kirola normalizatzen laguntzen duelako”.