Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an ospatzen da eta data horren inguruan ekitaldiak egongo dira gure herrietan. Hala, apirilaren 21ean, Angel Lertxundi idazleak Zu liburua aurkeztuko du, 19:00etan, Angulari Larrabetzuko Kultur Etxean. Larrabetzuko eskolako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek irakurraldiak egingo dituzte goizean eskolako gainontzeko umeen aurrean, eta arratsaldean, 17:00etan, txikientzako ipuin kontalaria egongo da. Eskolako umeek irakurraldiak egingo dituzte berriro arratsaldean, 18:00etan, baina oraingo honetan nagusien aurrean. Liburuekin malabarismoak egiten dituen clown batek emanaldia eskainiko du, eta 22:00etatik 22:30era nagusiei zuzendutako irakurketa saioa egingo da.
Bestalde, Zamudioko liburutegian “liburu rallya” antolatu dute hilabete osoan zehar. Erabiltzaileek liburu ezberdinen aipuak aurkituko dituzte bertan, eta aipu horien bidez zein liburu den igarri beharko dute. Asmatzen dutenen artean, 40 euroko txekeak zozketatuko dira Zamudio liburudendan gastatzeko. Ines Bengoa ipuin kontalariak saioa eskainiko du apirilaren 20an, 17:30ean, Derioko liburutegian. Leku mugatua da eta izena ematea apirilaren 4tik 19ra egin behar da. Azkenik, Loiuko liburutegian “Eman liburua eta adoptatu istorio bat” ekintza ipiniko dute martxan apirilaren 18tik 29ra. Aurreko urteetan bezala, apirilean ere hasiera emango zaio Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainari. Kanpaina Derion, Larrabetzun eta Zamudion egingo da.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).