Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpaina 10. aldiz egingo da aurten eta gaurtik maiatzaren 31ra bitartean iraungo du. Gure eskualdeari dagokionez, Derion, Larrabetzun eta Zamudion ipiniko da martxan, bertako euskara elkarteek (Tximintx, Arrekikili eta Lagatzu) eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta.
Antolatzaileek azaldu duten moduan, ekimenak hainbat berrikuntza edukiko du aurten. Inportanteena Patxi Zubizarreta idazleari eskaturiko 50 liburu gomendatuen zerrenda izango da, bost adin tartetan aurkeztuko dena. Beste aldaketa bat gauzatze aldia da, ia hilabete aurreratu dena eta apirilaren 1etik maiatzaren 21ra arte iraungo duena. Azken edizio bietan izandako hedapenak jarraipena edukiko du aurten, eta 50 herrietan ipiniko da martxan, orain dela hiru urte baino 26 herri gehiagotan. Beraz, % 100 baino gehiagoko igoera eduki du.
Egitasmoak irakurzaletasuna bultzatzea du helburu eta horretarako, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Era berean, parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzeko gonbitea egiten du. Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen elkarteen, Udalen, liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker gauzatzen da, eta herrietako eragileen arteko harremanetarako tresna izan nahi du.
Hiru pauso
IGO kanpainan parte hartzeko, hiru pauso eman behar dira. Lehenengoa euskaraz irakurtzea da. Horretarako, herriko liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu eskatu ahalko da maileguan. Bigarren pausoa gozatzea da. Hala, liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa bat bete beharko da. Horren truke, liburuzainak erosketa-txeke bat emango dio erabiltzaileari, hitzartutako liburu dendan erabil dezan. Erosketa-txekeak % 35eko beherapena edukiko du, euskarazko edozein liburu erosteko, eta ekainaren 11ra arte erabili ahalko da. Azkenik, hirugarren pausoa liburua oparitzea da, lagun bati, senide bati edo nork bere buruari.
“Aurreko bederatzi edizioetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan”, esan dute antolatzaileek. “Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan duen eragina kontuan hartzekoa da).
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).