Akordio barik jarraitzen dute Eaton enpresan

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 12a, 12:03
Langileek manifestaziora deitu dute domekarako, maiatzaren 15erako, Derion.
Enpresa batzordea eta zuzendaritza atzo batu ziren berriro, baina akordio barik jarraitzen dute. Enpresak indemnizazioen zenbatekoa igo du eta 30 hilabete eta hilabeteko 40 egun ordaintzeko prest azaldu da. Era berean, lan merkatuan berriro sartzeko plan bat eskaini die langile kaltetuei. Aikor! aldizkariak ezin izan du enpresa zuzendaritzarekin argitu plan hori zertan datzan, baina enpresa batzordetik azaldu digutenaren arabera, eskaini dutena lana topatzeko sei hilabeteko aholkularitza-zerbitzu bat izan da. Enpresa batzordetik ere esan digute enpresak aurre-erretiro plan bat aurkeztu duela 56 urtetik gorakoentzat eta horri heltzen diotenei soldataren % 70 emango diete, harik eta 61 urte betetzen dituzten arte. Datorren astean beste bilera bi edukiko dituzte, bata eguaztenean, eta bestea barikuan, eta ostean, amaitutzat emango dituzte negoziazioak. Eaton multinazionaletik esan digute euren helburua enpresa Derion jarraitzea dela; hala ere, enpresa batzordetik zalantzak adierazi dituzte, “ez digutelako datu zehatzik aurkezten eta ez dakigulako datozen urteotan zer gertatuko den”. Langileek manifestaziora deitu dute domekarako, maiatzaren 15erako, Derion. Goizeko 11:30ean Udaletxetik aterako dira eta herriko kaleak zeharkatuko dituzte. Eatoneko langileek greba mugagabeari ekin zioten apirilaren 27an, enpresak 39 langile kaleratu eta lan lerroetako bat Errumaniara eramateko asmoa zuela jakinarazi ostean. Multinazionaletik azaldu diguten bezala, “konpainia kezkatuta dabil greba mugagabearekin eta horrek bezeroengan eduki dezakeen eraginarekin. Hala ere, langileen greba eskubidea onartzen du”. Halaber, enpresaren emaitza finantzario zehatzen gaineko aipamenik egiten ez duten arren, “Derioko lantegiaren emaitza finantzario globalak negatiboak izan direla” aipatu digute. Bestalde, Eatoneko langileen aldeko mozioak onartu dituzte Zamudion eta Lezaman. Bertako udalbatzek enpresaren erabakiarekin ados ez daudela adierazi dute, eta euren elkartasuna eta laguntza helarazi diete langileei. Larrabetzun eta Derion ere onartu zituzten mozioak; Sondikan datorren astean egingo dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).