Eatonen ez dute akordiorik lortu

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 24a, 11:45
Enpresa batzordea eta zuzendaritza joan astean batu ziren birritan, baina jakinarazi diguten bezala, ez zuten akordiorik lortu. Enpresak indemnizazioen zenbatekoa igo du berriro, eta 40 hilabete eta hilabeteko 45 egun ordaintzeko prest azaldu da. Gainera, zenbateko horri 5.000 euro gehitu dio. Era berean, soldataren garbiaren % 80ko urteko errenta ordaintzeko proposamena egin du, eta horrek urtean % 0,5eko eguneratzea edukiko luke. Indemnizazio-baldintzak 2020. urteko abenduaren 31ra arte indarrean egongo direla adierazi dute, eta lan markatuan berriro sartzeko bederatzi hilabeteko plan bat eskaini die langile kaltetuei. Bestalde, eta enpresa batzordetik aipatutakoaren arabera, aurre-erretiroak 63 urte bete arte mantentzeko asmoa dutela jakinarazi dute, “baina, bestetik, enpresan geldituko diren langileen etorkizunari eta baldintzei buruz ez dute ezer esan. Aurreko bilera batean, eta lantegiaren etorkizuna bermatzeko asmoz, inbertitzaileak topatzeko proposamena egin diegu, baina erantzun digute inbertitzaile horiek ez dutela konpetentziakoak izan behar”. Enpresa batzordea eta zuzendaritza eguenean batuko dira berriro, batzar-agiriak formalizatzeko. Enpresa batzordetik esan digute ez dutela uste datozen egunotan funtsezko aldaketarik egongo denik. “Aste bi daukagu proposamen guztiak sakon aztertzeko eta, aldaketarik egon ezean, gaia auzitara eramango dugun”. Eatoneko langileek greba mugagabeari ekin zioten apirilaren 27an, enpresak 39 langile kaleratu eta lan lerroetako bat Errumaniara eramateko asmoa zuela jakinarazi ostean. Egunero enpresaren sarreran batzen dira eta, esan diguten moduan, nekatuta daude, baina beren lana defendatzeko asmo tinkoa dute. Hala, besteak beste, bilerak eduki dituzte Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariekin, eta Derioko alkatearekin ere elkartu dira. Maiatzaren 15ean, manifestazioa egin zuten Derion eta herritar askoren atxikimendua jaso zuten bertan. Autoz ere atera dira Txorierritik eta Mungiatik, beren egoera salatzeko. Orain Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariekin biltzeko zain daude. Txorierriko Udaletxeetan ere Eatoneko langileen aldeko mozioak onartu dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).