Zamudio, Laredotik Bigarren B mailara

Zamudio KE futbol taldea buru belarri dabil Bigarren B Mailara igotzeko lehian. Horretarako, Laredo taldea kaleratu beharko du. Joaneko partidan, txorierritarrek 3-1 irabazi zuten Gazituaga zelaian. Itzulerako partida Laredon izango da, zapatuan (maiatzaren 28an), 18:00etan. Talde txorierritarrak denboraldi ederra egin du aurten. Lehendabiziko aldiz, 3. Mailako liga irabazi du eta zazpi puntuko aldea atera dio bigarrenari, Bermeo taldeari. Gainera, gol gehien sartu duen taldea izan da, 65 gol, alegia. Zamudio taldeak autobusak antolatu ditu, zaleek taldea animatzeko eta partida zuzenean ikusteko. Nahi duenak izena eman ahal du Udaletxean. Bakoitzak 15 euro ordaindu behar izango du, eta horren truke, autobusez joan ahal izango da eta partidarako sarrera bat lortuko du.