Urtero moduan, Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak Lagatzu Eguna-Euskal Jaia antolatu du ekainaren azken astebururako, ekainaren 25erako hain zuzen ere. Lagatzu Eguna euskara eta herritarren jaia da eta, horregatik, ekitaldi parte-hartzaileak antolatzen dira. Aurten, herri antzerkia egingo dute eta horretan euskara eta Zamudioko historia izango dira protagonistak. Hala, Josu Camararen zuzendaritzapean, eszenetan banandutako ikuskizuna prestatu dute eta, besteak beste, industrializazioa eta emigrazioa, trena, Gerra Zibila eta etorkizuna jorratuko dira.
Saioa Zamudioko Kultura Etxean egingo da, eskola zaharretan, 12:00etan, eta Lagatzu elkarteak bertan parte hartzeko deialdi zabala egin du. Lagatzuk dantzariak, abeslariak, aktoreak, figuranteak, musikariak eta umeak behar ditu herri antzerkian parte-hartzeko. Beraz, edozeinek du antzerkian parte hartzeko aukera. Horretarako, interesa dutenek e-mailez, telefonoz edo ahoz jarri ahal dute harremanetan Lagatzuko kideekin. Aktore nagusiak maiatzean hasi ziren saioak egiten eta besteek ekainean zehar prestatuko dute ikuskizuna.
Antzerkia ekitaldi nagusia izango da Lagatzu Egunean-Euskal Jaian, baina ez bakarra. Betiko moduan, Zamudio eta Txorierriko euskaltzaleak herri bazkarian elkartu ahal izango dira. Ostean, Taberna Ibiltaria musika taldea arituko da eta geroago erromeria egingo da. Era berean, arratsaldean zehar, umeei zuzendutako jokoak antolatu dira. Ekitaldira euskal arropaz jantzita joateko eskaera egin du Lagatzuk, aurreko urteetan bezala.
Lagatzu Eguneko antzerkian parte-hartzeko:
lagatzu@lagatzu.org helbide elektronikoan
94 452 34 47 / 645 73 88 45 (WhatsApp) telefonoetan
Lagatzuko lokalean, Aresti kalea, 2 – behea helbidean
Lagatzuko kideari esan
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).