Motorraren Eguna, irailean Zamudion

Aikor aldizkaria 2016ko uzt. 28a, 10:36
Zamudio Racing elkarteak bere eguna ospatuko du Irailean. Txus Jaio eta Igor Urien auto-gidariek hitzaldia eskainiko dute irailaren 9an, 20:00etan, eta ondoren, Garai Racing team taldea aurkeztuko da jendaurrean. Hori Ibon Garai zamudioztarrak eta Aitor Bergara derioztarrak osatzen dute. More than rock taldea 22:00etan igoko da eszenatokira. Ekitaldiak Fernan eta Natxo tabernen arteko plazan egingo dira. Egun nagusia irailaren 10a izango da. Egun horretarako, eta 10:00etatik aurrera, hainbat ekintza antolatu dituzte. Autoak Kultur Etxean batuko dira eta egiaztatzeak bertan egingo dira. Umeentzako puzgarriak, simulagailua, jolasak… ere Kultur Etxean izango dira 11:00etan. Slalom probari 11:30ean emango zaio hasiera Kotxozulo parkean. Ondoren, 13:30ean, sagardotegia zabalduko da Kultur Etxean. “Buffet libre, jana eta edaria, egongo da txartela erosten duenarentzat. Txartelek 10 euro balio dute eta herriko tabernetan ipiniko dira salgai”, esan digute antolatzaileek. Arratsaldean, 17:30ean, bertso rally erronka egingo da bigarren aldiz eta bat-batean arituko dira bertsolari hauek: Andoni Egaña, Amets Arzallus, Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes. “Bertsolariekin batera hainbat auto-gidari ibiliko dira, esate baterako, Iban Tarsicio, Ibon Garai, Jon Zallo, Iñaki Narbaiza, Iñigo Peña,Antton Jauregi,…”. Azaldu digutenaren arabera, bertso rally erronka esperimentu moduan antolatu zuten lehenengo aldiz iaz. “Kide batzuk bertsolaritza eta racing-a ditugu gogoko eta biak uztartuz zerbait egitea pentsatu genuen. Kritika onak jaso genituen eta horregatik antolatuko da berriro aurten. Ekintzak iazko estruktura bera edukiko du: poteoan ibili eta taberna bakoitzean proba bat egingo da”. Zibarenak baino gehiago Zamudio Recing Egunaren iturburua bertso rally erronka da, hain zuzen ere. “Urrats bat haratago eman nahi genuen eta ekitaldia borobiltzen hasi ginen. Zamudio Racing Eguna lan horren emaitza da eta ekitaldi guztiak erakargarriak eta inportanteak dira guretzat”. Hala, herritarrek haiekin batera elkartearen eguna ospatzea dute helburu. Horretarako, elkartearen sustraiek –motor mundua- bat egingo dute beste ekitaldi batzuekin, hala nola musika, bertsolaritza, umeen jolasak eta heziketa. Elkartea 2004an sortu zen Txori Herri Motorsport izenarekin. “Hasieran jendeak uste zuen rallyak gustatzeak auto bat hartu eta zibarenak egitea ekartzen zuela, baina pixkanaka-pixkanaka bagoaz hori baino askoz gehiago dela buruan sartzen. Izan ere, jendeari laguntzen diogu motor munduan lehenengo urratsak ematen, eta ikastaroak ere egiten ditugu gidatzeari beldur dion jendeari zuzenduta. Bestalde, garrantzitsuena da gure ekitaldietan zamudioztarrek gero eta parte hartze handiagoa dutela. Lagundu ez ezik proposamenak ere egiten dizkigute eta horrek aurrera jarraitzera animatzen gaitu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).