150 ibilgailu klasiko inguru, Loiuko plazan

Aikor aldizkaria 2016ko urr. 11a, 12:07

Urriaren 9an Klasikoen Kontzentrazioaren VI. edizioa egin zen Loiun, Udalaren eskutik eta , Txoribikers eta Iker eta Juan Carlos Kamiruagaren laguntzaz. Aurreko aldietan ez bezala, eguraldi onak edizio arrakastatsua bermatu zuen eta jendez bete zen Loiu. “Inoiz baino jende eta auto gehiago izan dira Loiun. Balantzea oso positiboa izan da, errepikatzeko modukoa”, azaldu du Josu Andoni Begoña alkateak. Guztira, 142 autok eman zuten izena lehiaketan, baina horiez gain, ibilgailu gehiago izan ziren bertan: motorrak, furgonetak... Iraganeko ibilgailu ugari ikusi ziren goizeko lehen ordutik eguerdira arte: motorren artean 1928ko BSA B27 batek jaso zuen motor zaharrenaren saria. Autoei dagokienez, 1929ko Chevrolett batek zaharrenaren saria jaso zuen eta eta Ford Mustang batek, auto dotoreenarena. Deportiboenaren saria Austin Healey 3000 batentzat izan zen, eta Loiura hurbiltzeko Ibilbide handiena egin zuena ere saritua izan zen: Mercedes 300SL bat izan zen, Zaragozatik etorritakoa. Egun erdian zehar jarduera ugari izan ziren, 10:00etatik 14:00ak arte. 10:00etan autoak eta motorrak heldu ziren. 11:30ean, ibilbidea egin zen Txorierrin zehar eta 12:30ean ikusleek botoak eman zituzten, ibilgailuak sailkatzeko. 14:00etan, sariak banatu ziren. Ekitaldiari amaiera emateko, Loiuko Udalak hamaiketakoa prestatu zuen Loiu Hotelean. Argazkia: Loiuko Udala