Termitek triskantza egin dute Larrabetzun

Larrabetzuko alde zaharra termitez beteta dago. Iñigo Gaztelu alkateak adierazi duenez, “guztira bost kolonia identifikatu dira momentura arte, eta euren aurkako tratamendua martxan jarri zen apirilean”. Plaga hauek 57 etxebizitza eraso eta 120 familia inguru kaltetu dituzte Udalaren esanetan. “Horibai gaztetxearen aurreko etxebizitza bat goitik behera eraberritu behar izan da”, adierazi du Gazteluk. Arazoa 2013an hasi zen. Alde zaharreko hainbat auzokidek alde zaharreko hiru - lau etxe termiten erasoak jasaten ari zirela adierazi zuten eta, hori dela eta, Termiten Kaltetuen elkartea sortu zuen Alberto Albaizarrek, 2014an. 2015ean, enpresa bat kontratatu zen lau hilabeteko ikerketa egiteko. “Emaitza modura, bost urteko tratamenduari hasiera eman genion apirila eta maiatza bitartean” azaldu du Iñigok. “Lehenengo bi urteetan termitak hil egiten dira eta hurrengo hiru urteetan jarraipena egiten da, plaga deuseztatu dela ziurtatzeko”. Maiatza aldera, Udalak 200 jaki ezarri zituen janari pozoituarekin. Pozoiak ez dauka berehalako efekturik, baina termita langileek sustantzia toxikoa habian zehar hedatzen dute, ohatze osoa desagertarazi arte. Tratamenduaren kostua 55.000 euro ingurukoa da: % 40a Udalaren diru-laguntza bitartez egingo da eta % 60a, auzokideen artean ordaindu beharrekoa. Etxebizitza kaltetu bakoitzak 150 euro inguru ordaindu beharko ditu urtero, bost urteetan zehar. Termita plagak ez dira ezohikoak herri hezeetan, eta arretarik eskaini ezean, bertako etxeekin bukatzea denbora kontua baino ez da. Antzeko kasuak izan dira Getxoko Portu Zaharreko 65 etxebizitzetan, Amorebieta-Etxanoko 11 etxebizitzetan (600.000 euroko kostuarekin) eta Izurtzako udaletxean, Abaroako jauregian eta Gordexolako kultur etxean, besteak beste.