Joku arriskutsua

IƱaki Eguskizaga, abokatua

Egun horretan, domekan, Carmelo nasai altzau zan berarentzat egun berezia izan arren. Gero, eguerdian, Sondikako futbol taldearen presidentea hautatzeko batzarra eukien. Klubak justu 10 urte bete eta epe horretan jadanik 1946/47ko denporaldian ligako txapeldunordea geratu eta "I Trofeo Hierro" irabazi eban. Batzarrean bera aukeratu eben presidente. Bazan 1952ko ekainaren 15a.

Ordurako, futbola Errepublikan eukan indarra berreskuratzen ari zan, ez Frankismoak bultzatzen ebalako, baizen eta ziur asko jenteak gudan jasandako oinazeak gainditu edo sentimentu eta gurariak adierazoteko beste modu bat zalako. Gauza bera gertatu zan Europan II. Mundu Gerraren ostean. Txorierrin bilakaera horren adibideak, Sondika KT bera, Zamudio KT (1943), Uritarra KT (1947) eta Derioko GE (1947-1949) izan ziran. Lehenago sortuak be, Apurtuarte T (1926) eta Loiu KT (1928), hasi ziran barriz jokatzen garai hatan. Eta arriskutsua dala aitatzen danean, ez deutsagu Apurtuarte izenari begiratu behar. Izen horrek ez dauka zerikusirik beste taldeen jokalarien buru edo hankakaz, bere sortzaileen talde bizi-iraupenaren zalantzagaz baino. Taldeak “apurtu arte aguanta dagiala”, esan eban Juan Egañak. Eta Apurtuartek orain arte aguantau dau.

Arriskuren bat baegoan horko aldetik be. Izan be, hasi-hasieran esaten zan futbolak zezenketek baino biktima gehiago eragiten ebazala. Baina benetako arriskua Marca (Donostia, 1938) astekarian agertzen zan J. Miquelarena (Bilbo, 1891-1962) kazetariaren eretxia: “II. Errepublikan futbola lurraldeko pasino bajuen eta zitalenen orgia gorria zan”. Hori zuzentzeko, beraz, erregimenak obedientzia, menderatze eta diziplina militarrari ekin eutsen.

Hori dala-eta, Carmelok ez ekian bere agintaldiak oso denpora gitxi iraungo ebala, handik lau hilebetera, gobernadore zibilak agindua, Bilboko Goi Polizia-etxetik ofizio bat jaso eban, bera kargugabetzeko eta “bera baino berme politiko handiago”ko beste bazkide bat izendatzeko.

Bai arriskutsua Sondika KT erregimenerako!

Halanda be, 1953ko maiatzaren 24an Sondika KTko batzarrak barriro be aukeratu eban Carmelo Fano presidente.