Txorierriko kirolaren euskal jaia

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 19a, 13:57

Futbola Oinarritik Euskaraz proiektuak denboraldi bukaerako jaia ospatu zuen zazpigarren aldiz, barikuan, ekainaren 16an. Arratsaldean, benjamin eta kimu mailetako partidak jokatu ziren Sondikako futbol zelaian. Ager Sarduy kirol kazetaria eta Amaia Olabarrieta futbolari ohia ibili ziren partidak euskaraz komentatzen. 

Ondoren, omenaldiak eskaini ziren: batetik, Sondika, Zamudio KE, Lezamako Bizia KT eta Larrabetzuko Uritarra taldeei, 2016-2017 denboraldian zehar euren egunerokoan euskarak presentzia handiagoa izan dezan egin duten ahaleginagatik; eta bestetik, Jose Angel Iribar Athleticen jokalari ohi mitikoari, betidanik euskarari adierazitako atxikimenduarengatik. Ekitaldia borobiltzeko, kopaua eskaini zen futbol zelaian bertan. Ekitaldira bertaratuen artean, Xabier Zubiaur Sondikako alkatea, Igotz López Zamudioko alkatea eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko presidentea, eta beste herrietako udal ordezkariak egon ziren.     

“Aurtengoa ediziorik onena izan da. Batetik, kanpoaldean egin dugulako. Aurreko urteetan Txorierriko Politeknikan egin genuen jaia, baina bertako lekua txikiagoa da eta estalita dago. Gainera, aurreko urteetako jaiak Gabonetan edo Aste Santuan egin genituen bitartean, aurten, lehendabiziko aldiz, denboraldia bukatu denean egin dugu. Eta data askoz aproposagoa da. Beraz, oso pozik gaude. Gainera, datorren urtean, proiektua sendoagoa izango da, Derioko Arteaga taldeak eta Txorierri Basketland S.K. taldeek Futbola Oinarritik Euskaraz egitasmoarekin egingo dutelako bat”, esan du Koikili Lertxundi sustatzaileak.

Futbola Oinarritik Euskaraz proiektua EuSport enpresak eta Totoan Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak bultzatu zuten 2009an, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearekin laguntzarekin. Proiektuak euskara kirolean zabaltzea du helburu. “Jakin badakigu lan handia dagoela egiteke, euskara eta erdararen arteko aldea oraindik badelako handia, baina gu itxaropentsu agertzen gara, alde hori gero eta txikiagoa da”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).