Alkateak urriaren 24an bilduko dira Ministeriokoekin, putreek aireportuan sortzen dituzten arazoak ekiditeko

Aikor aldizkaria 2018ko ira. 20a, 13:25

Azken bolada honetan, gero eta putre gehiago dabiltza aireportuan. Saiek istripuak sortu dituzte bertan, azkenak maiatzean eta uztailean. Hori dela-eta, auzokideak zein pilotuak arduratsu agertu dira. Txorierriko alkateek ardura jaso eta urriaren 24an egingo dute bilera bat Madrilen, Trantsizio Ekologikoaren Espainiako Ministerioko (aurreko Ingurumen Ministerioa) arduradunekin.

Bileran, Txorierriko zein Madrilgo ordezkariek egoera aztertuko dute, hau da, putreak zergatik agertu diren aireportuan. Gainera, Erandio, Sondika, Loiu, Derio, Zamudio eta Lezamako alkateek arazoa konpontzea eskatuko diete Espainiako Ministerioko lagunei. “Premiazko neurriak hartzea da gure lehentasuna, putre eta hegazkinen arteko talkak eta horiek sortzen dituzten arazoak ekiditeko. Hori bileran jakinaraziko diegu Ministeriokoei. Erakunde publikoen artean koordinazioa egon behar da, eta Ministerioak bere ardura hartu behar du”, esan dute alkateek.

Ildo honi jarraituz, azken hilabete hauetan, udal ordezkariek batzarrak antolatu dituzte AENA elkarteko lagunekin, aireportuko zuzendaritza-taldearekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin. “Orain arte egin dugun moduan, Txorierriko udalok etengabe jarraituko dugu lanean, arazo hori konpontzeko. Arazoa konpontzeari dagokion erakundeek irtenbideak eta neurri zehatzak eskaini behar dizkigute, gure herritarren segurtasuna behar bezala bermatzeko”.