2007tik, Fundazioak profesionalak ez diren 140 kirolariri baino gehiagori eman dio beka, 41 kirol diziplinatan. Boxeoa kirol profesionala da, baina fundazioak egungo euskal kirolari onenak erakarri nahi ditu. Beraz, irudi-eskubide kontratua egingo dio Kermani. Morgarra pozik azaldu da. “Eliteko kirolariak egin beharreko bidea zaila da eta Basque Team-ek eskainitako zerbitzuek erronkak lortzeko lagunduko didate”, esan du prentsaurrekoan.
Kermanek aitortu duen moduan, ez da ikasle ona izan eta liskarretan sartzen zen. Baina kirolak salbatu egin zuen. Era berean, esan du familia eta lagunak bere bizitzaren ardatza direla. Boxeolariak eta Basque Team-ek balio berberak dituzte. “Ondo ezagutzen dutenek sakrifiziorako duen ahalmena azpimarratu dute. Bere inguruarekiko eta bere lanarekiko konpromiso handia du Kermanek. Entrenatzaileek bere profesionaltasuna azpimarratu dute, borroken aurretik eta borroka egunetan bertan ere bai”, azaldu dute fundaziotik.
Kerman Morgan jaio zen 1992ko otsailaren 19an, eta 2013an salto egin zuen profesional mailara. Harrezkero ez du porrotik jasan: 26 borroka irabazi ditu, horietatik 21, K.O.z. Errebolberrak welter mailako Europako txapelketa lortu du aurten, apirilean, Bradley Skeete ingelesaren kontra lortutako garaipenari esker. Azken 45 urteotan ez da euskal txapeldunik egon boxeoan. Gaur egun Errebolberra munduko erakunde guztietako Top 10-ean dago. Bere hurrengo borroka azaroaren 17an izango da BECen, Barakaldon, Frankie Gavin ingelesaren aurka.