Euskaraldia eta Euskararen Eguna

Txorierritarrok ere, 11 egunean euskaraz!

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 23a, 10:58

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, Euskaraldia egingo da Euskal Herriko hainbat herritan, Txorierri tartean. Egitasmoak hizkuntza ohituretan eragitea du helburu, eta aktore nagusi bi edukiko ditu: ahobiziak eta belarriprestak.

Aingeru Landa Euskaraldiaren Txorierriko arduraduna da. Azaldu digun moduan, Euskaraldia ariketa sozial bat da, hizkuntza ohiturak aldatzeko helburua duena; hau da, euskara gehiago hitz egin eta entzun dadila. “Euskararen alde egotetik euskaraz aritzera salto egin beharra dugulako. Euskal Herriko eragileak lehenengoz batu dira honen inguruan: hainbat koloretako alderdi politikoak, eragile sozialak, eta hainbat talde eta erakunde”.

Euskaraldiaren bidez, ikuspegi-aldaketa lortu nahi da. “Orain arte euskara ikasteari eman diogu lehentasuna; eta orain erabilera indartu behar da. Horregatik, ez da epe laburrerako kanpaina bat, lan-ildoa baizik. Ariketa kolektibo bat izango da, eta ulermena eta erabilera edukiko ditu ardatz nagusitzat. Ulermenik ez badago, ez dagoelako ez erabilerarik, ez elkarrizketarik”. Ekimena 16 urtetik gorako lagunei dago zuzenduta, eta, Landaren esanetan, hori ez da kasualitatea. “Helduok eredua gara gaztetxoentzat. Gure jokaera kopiatuko dute eta sortuko dugun euskarazko girora egokituko dira. Erronka gurea da, eta pentsatzen dugun baino askoz errazagoa izango da”. Ariketa sozialean parte hartzen dutenak euskaraz hitz egitera jolastuko dute. Batzuk ahobiziak izango dira; besteak, belarriprestak. Bakoitzak identifikatzeko txapa eramango du aldean, 11 egunean, nor den nor jakin ahal izateko. “Horrek tribu, talde bateko partaideak garen sentsazioa ekarriko digu, eta estres linguistikoa ekidingo dugu. Babes soziala ere geratuko da agerian”. 

Ahobiziek  ulertzen duten guztiei egingo diete euskaraz, eta ezezagunei ere euskaraz esango diete lehen hitza. “Elkarrizketak euskaraz hasiko dira, eta erronkari eutsiko diote. Era berean, orain arte erdaraz ibili diren leku askotan ere euskaraz egingo dute”. Belarriprestak, bestalde, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena egingo dietenak. “Horiek izango dira hain zuzen euskarazko komunikazioa desblokeatuko dutenak, eta giro sozial euskalduna sortuko dutenak. Euskaraz ulertzen dute, baina ez dute euskaraz erantzuteko gaitasunik edo borondaterik”.

 

Ohiturak aldatu

Txorierriko herri guztietan batzordeak osatu dira eta horietan, besteak beste, euskara elkarteen kideak, herrietako elkarteen eta taldeen lagunak, eta udal ordezkariak daude. Landak jakinarazi duen moduan, batzordeek lan handia egin dute Euskaraldia herritarrei hurbiltzeko, eta, horretarako, 50 metroko estrategia erabili dute; hots, gertutasunaz baliatu dira, txorierritarrei Euskaraldia zer den azaltzeko, eta egitasmoaren mezua zuzenean eta hartzaile bakoitza kontuan hartuta helarazteko. Gainera, herri guztietan aurkeztu da hamaikakoa eta Txorierriko hamaikakoa ere osatu da. “Ikuspegi-aldaketa lortu nahi da, hizkuntza ohiturak aldatu eta ohitura berriak mantendu”.

Landak gogora ekarri digunez, hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako,  dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik. “Txorierrin uste dugun baino askoz ere lagun gehiagok ulertzen dute euskara. Lotsa alde batera utzi behar dugu, izan ere, euskaraz egitea da garrantzitsua; eta ez euskaraz nola egiten dugun. Eman aukera euskarari, uste baino errazagoa izango da”.

 

 

Naiara Gonzalez, belarriprest (Sondika): “Lotsa kentzea espero dut”

Nolako harremana duzu euskararekin?

Eskolan irakasgai moduan ikasi nuen eta, gero, zortzigarren urratseraino egin nuen euskaltegian. Egia esan, alferkeriagatik utzi nuen. Seme-alaba bi ditut eta saiatzen naiz haiekin euskaraz egiten eta etxerako lanekin laguntzen. Etxean euskarazko musika entzuten dugu, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bideoak ikusten ditugu… Nahiko ondo moldatzen naiz euskaraz, eta ia guztia ulertzen dut.

Zergatik animatu zinen belarriprest izatera?

Eskolako gurasoen elkarteko presidentea naiz, eta egitasmoaren berri eman zidatenean ez nuen horretan parte hartzeko zalantzarik izan. Euskararen alde egin behar dugu, gehiago hitz egin eta entzun dadin.

Zer espero duzu ariketa sozial honetatik?

Sondikan euskara entzun dadila, hemen Txorierriko beste herri batzuetan baino gutxiago entzuten delako. Euskaraz aritzeak lotsa ematen digu askotan, hanka sartzeak egiteari beldurra diogulako, esaldiak oso astiro egiten ditugulako… Espero dut egitasmoa baliagarria izatea lotsa kentzeko, eta euskaraz aritzera animatzeko. Baita alaba nagusiak nirekin euskaraz egin dezan ere. Izan ere, euskaraz ederto dakien arren, kostatzen zaio nirekin euskaraz aritzea. Era berean, saiatuko naiz ahobizi txapa duten guztiekin euskaraz egiten.

Animatu sondikoztarrak eta txorierritarrak Euskaraldian parte hartzera.

Bai! Nahiz eta txaparik ez eduki, guztiak animatu daitezela! Oso ariketa interesgarria da espero dezagun aurreikusitako emaitza edukiko duela.

 

 

 

Aitor Santxo, ahobizi (Larrabetzu): “Proba da, baina abiapuntua ere izan daiteke”

Euskeraz 24 orduan egiten dozu zuk, ezta?

Bai, etxean goizetik egiten dogu euskeraz. Hiru eta zazpi urteko umeak doguz eta dana egiten dogu euskeraz. Kanpoan eta lanean be bai. Gu euskeraz bizi gara eta, egia esan, oso gitxitan erabilten dogu erderea.

Zergatik egin dozu bat egitasmoagaz?

Beste aukera bat izan daitekeelako. Emoten dau ez dogula gurako geunkeen beste aurrera egiten, eta beste modu bat da euskereari ekiteko. Gu beti gagoz prest gure hizkuntzaren alde egiten diran gauza guztietan parte hartzeko. Ezinbestekoa iruditzen jat. Edozer egiten dala be lagundu behar dalako.

Zer espero dozu lortzea?

Batzuek euren jarrerea aldatzea, eta gauzak beste modu baten planteatzea. Gu, izatez, ahobizi gara egunero, baina lana gure pentzuan da beti. Euskaraldiari esker, espero dot beste batzuek ulertzea eurek be badaukiela zer egin.

Pertsona horreek aktibatzea da gakoa, beraz.

Bai, euskeraz egitera animatu daitezan, bildur barik. Orain, 11 egunean izango da, proba moduan, baina abiapuntua be izan daiteke.

 

 

 

Ekitaldiak

 Euskaraldiaren inguruan, ekitaldiak antolatu dira Txorierriko herrietan. Loiun, esate baterako, murala egingo dute azaroaren 23an, 19:00etan, eta, horren ostean, txapak banatuko dituzte. Iluntzeko 20:00etan txokolatada eskainiko dute.

Derioko Udalak eta hango Euskaraldia batzordea ekintzak antolatu dituzte datozen egunetarako. Azaroaren 24an eta 25ean, eta abenduaren 1ean eta 2an, “Derio olgetan” ekitaldia izango da 17:00etatik 20:00etara frontoi estalian. Besteak beste, umeentzako puzgarriak, jolasak eta ludoteka ipiniko dituzte bertan. Abenduaren 1ean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, “Txerri jaia” egingo da frontoian. Azaldu digutenez, txerri bat erreko da eta talo tailerra egongo da. Xabi Aburruzaga trikitilariak kontzertua eskainiko du 20:00etan. Azkenik, abenduaren 3an, Euskararen Egunean hain zuzen, amaiera emango diote Euskaraldiari. Hitzordua 19:00etan ipini dute Sollube kalean, baina ez dute jakinarazi zer egongo den han. Hori sorpresa izango da. Esan duten gauza bakarra da pertsona bakoitzak ekitaldira edalontzi bat eraman beharko duela.

Bestetik, Zamudion “Traka matraka” kontzertu didaktikoa eta tailerra egingo dira azaroaren 23an, 18:00etan, Kultur Etxean eta Bertoko taldearen eskutik.  Eta 19:30ean, kalejiran aterako dira herriko musika taldeekin. Lezaman, azaroaren 23an, 19:30ean, emango diote hasiera Euskaraldiari, eta aurkezpenaz gain argazkia ere egingo dute. Eta eguraldiaren arabera, erromeria.

Azkenik, Larrabetzun Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia antolatu da egun bererako. Hori 18:30ean izango da plazan. Gainera, 11 egunean hainbat saio egingo dituzte herritarrek euren esperientziak partekatu ditzaten. Azkenik, abenduaren 3an amaiera-ekitaldia izango da.       

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).