Btuber ikastaroak ipini ditu martxan Azkue Fundazioak

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 27a, 13:06

Ikastaroak 13 urtetik 16 urtera bitarteko gazteentzat dira, eta neguko oporraldian eskainiko dituzte. Ikastaroak Bilboko Udalarekin elkarlanean antolatu dituzte, eta Euskararen Etxean izango dira.

Youtuberreko izarra izan nahi duen edonork har dezake parte ikastaroetan. Horietan youtuber-a izatea zer den azalduko diote, eta, besteak beste, trikimailuak, arrakastarako gakoak, modako gaiak eta editatzeko teknikak irakatsiko dizkiote. Aurten, bi ikastaro mota eskainiko dira: bata, honelako ikastaro batean lehen aldiz izena ematen dutenentzat; eta bestea, aurretik Btuber ikastaroa egin dutenentzat, edo oinarrizko ezagutza dutenentzat.

Izena emateko epea abenduaren 16ra arte dago zabalik hemen. Ikastaroak neguko eta udaberriko oporraldietan, eta ikasturte amaieran emango dira.  Neguko oporraldian, Btuber ikastaroan lehen aldiz izena ematen dutenek gaia sakondu eta ikasten jarraitzeko aukera edukiko dute udaberrian. Era berean, udaberrian izen-ematea lehen aldiz egiten dutenek ikastaro aurreratuan parte hartu ahalko dute ekainean.

Bestetik, aurten ere Btuber lehiaketa ipiniko da martxan. Horretara, urtean zehar sortutako bideoak aurkeztu ahalko dira ekainaren 17tik 30era arte.  

Youtuber ikastaroa

Youtuben dauden genero eta kanal ezberdinak ezagutzea du helburu. Parte-hartzaileek euren kanala sortuko dute, hori pertsonalizatuko dute eta sare sozialetan murgilduko dira. Halaber, bideoak grabatzen, editatzen eta kanalera igotzen ikasiko dute.

Ikastaroa Youtuber izateko lehen urratsak eman nahi dituztenentzat da. Parte-hartzaileek Bilbon erroldatuta egon behar dute, eta 2003. eta 2006. urteen artean jaio.

Ikastaroa urtarrilaren 2an eta 3an, 09:30etik 13:30era izango da Euskararen Etxean (Agoitz plaza 1, Bilbo). Berrogeita hamar lagunentzako lekua dago.

Youtuber ikastaro aurreratua

Ikastaro honen helburua da Youtuben kanala sortzen, bideoak grabatzen eta batez ere editatzen –trantsizioak, zooma, testua, irudiak, musika, denbora…–ikastea. Aurretik Youtuber ikastaroa egin dutenentzako ikastaroa da, edo oinarrizko ezagutzak dutenentzat. Parte-hartzaileek Bilbon erroldatuta egon behar dute, eta 2003. eta 2006. urteen artean jaio. Ikastaroa abenduaren 26an eta 27an, 09:30etik 13:30era izango da Euskararen Etxean (Agoitz plaza 1, Bilbo). Hogeita bost lagunentzako lekua dago.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).