Apaizgai ohi batek salatu du Derioko seminarioan sexu-abusuak jasan zituela

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 8a, 09:00

Pederastia Derioko seminarioan artikulua argitaratu du Juan Mari Arregik Argia aldizkarian, eta orriotara bere testigantza eraman du. Azaldutakoaren arabera, sexu-abusuak 50eko hamarkadan izan ziren. Garai hartan seminarioko zuzendari espirituala zenak, Manuel Estombak, zakila ukitzen zien, higiene genitala aitzakiatzat hartuta. 

“… eskua sartzen zigun zakila nola garbitu behar genuen azaltzeko. Horretarako, bere egoitzako aulkiaren ezkerraldean ezartzen gintuen ondo-ondoan, prakak askatu, zakila aterarazi eta ukitu egiten zigun garbitasun kontuak argudiatuz. Aldi berean, besarkatu egiten gintuen ezker besoaz, eta bere masaila gurearen kontra estutzen zuen… Nola ez, aurretik, hori guztia inori ez kontatzeko esaten zigun!”. Ikasleak 13 urtetik 15 urtera bitarteko gaztetxoak ziren. “Urteak igarota horretaz hitz egin izan dugu, denoi, edo ia denoi gertatu zitzaigulako. XX. mendeko 50eko hamarkadaz ari gara. Orduan ez zegoen sexu-abusuen aurrean gaur daukagun kontzientziarik”.

Urte batzuk beranduago, Estombak seminarioa utzi eta Ekuadorren eta Venezuelan ibili zen misiolari. “Sekula ez genuen zehazki jakin, baina bai imajinatu, gero ezagutzera eman zena: Deriotik Ekuadorrera aldatu zuten, zuzendari espiritual karguan zela nerabe apaizgaiei egindako sexu-abusuengatik. Bere apaiz bizitza Urkiolako santutegian amaitu zuen, Amerikako eta Afrikako misio diozesiarretan izandakoak hara egokitzen baitziren. Elizako agintariek ezkutatu eta isildu egin zuten, logikoena litzatekeenean ardura pastoral orotatik apartatzea. Derion gehiegikeriak egin bazituen, Ekuadorren eta Venezuelan gauza bera egin zezakeen”.

Artikuluan, Astintze 53-70 elkarteak Javier Elzo soziologoari eskatutako inkestaren berri ere eman du Arregik. Inkesta 2009an egin zitzaien seminariotik igaro zirenei, eta galderek inkestatuen ikuspegi pertsonala jasotzea zuten helburu. Argian adierazi dutenez, azterketak badu atal bat adingabeei egindako abusuen inguruko erreferentzia guztiak jasotzen dituena. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).