Txorierri taldeak Harri Handiaren erronka galdu zuen atzo Usurbilen

a: Itxaso, Orbegozo, Noaua! aldizkaria 2019ko mai. 13a, 15:09

Atzo, maiatzaren 12an, Txorierrik Harri Handiaren erronka galdu zuen Lasuen talde bizkaitarraren kontra, Usurbilen. Bailarako taldeak 3.800 kiloko harria eraman behar izan zuen arrastaka 30 minutuan, eta marka hau egin zuten: bederatzi zinta (lehenengoak 3,8 metro dauka, eta gainerakoak, 2,5 m), metro bi eta 40 cm. Arerioek, aldiz, 10 zinta, metro bi eta 34 cm egin zuten. Txapelketa Usurbil Herri Kirol Elkarteak antolatu zuen.

Sei tiratzailek osatu zuten Txorierri taldea, lau gizonezkok –Eneko Bilbao zamudioztarra, Iñigo Aurrekoetxea Gotxa derioztarra eta Aitor eta Gorka de la Concepción erandioztarrak– eta emakumezko bik –Elisabeth Txertudi kortezubiarra eta Alatzne Etxaburua gipuzkoarra–. “Iaz, txapelketa baino, erakustaldia egin zen eta taldea zazpi gizonok osatu genuen; aurten, lehiaketari begira, talde mistoa sortzea proposatu digute eta pozarren onartu egin dugu”, esan digu Bilbaok.  

Porrot egin duten arren, zamudioztarra pozik agertu da. “Hasiera batean, Lasuen baino azkarrago ibili ginen, baina gero arazoak izan genituen eta ezin izan genuen garaipena lortu. Izan ere, Usurbilgo probalekuak zuloz beteta dago. Hau da, harria mugitzeaz gainera, ondo bideratu behar duzu; bestela, zulo horietako batean sartzen bada, zaila da handik ateratzea. Eta hori da, hain zuzen ere, gertatu zitzaiguna”. 

Harri Handia Lehiaketa ez da azken 32 urteotan egin. Lasuen eta Txorierrirekin batera, beste talde batek hartu zuen parte erakustaldian, Emarri gipuzkoarra. Guztira, 22 emakumezkok osatu zuten taldea eta harria egokitu behar izan zuten, hori hainbeste lagunen artean mugitu ahal izateko. Astigarragako neskek hiru plaza eta zinta biko marka lortu zuten. Plazan jende asko batu zen eta giro ederra egon zen lehiaketan. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).