Ondarea Plazara! lelopean aurkeztu zuten atzo Ondarearen Europako Jardunaldien 19. edizioa, Bilbon. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatua eta Ainara Martinez Matia eta Amaia Apraiz historialariak izan ziren bertan. Lorea Bilbaok azaldu zuen ekimenak herritarrak parte hartzera gonbidatzea duela helburu, arte komunitarioak deritzotenak suspertuz. “Dantzak, herri kirolak, musika eta jokoak, erromeriak, bertsolaritza, antzerkia eta musika emanaldiak ere urrian zehar Bizkaiko herri askotako plazetan aurkeztuko den errepertorio zabal horren barruan daude”, azaldu du Bilbaok.
Txorierrik lekua izango du jardunaldi hauetan: Zamudioko Arimen gaua edo Gau Baltza. Gainera, XVIII. mendetik aurrerako kantutegien artxibo digitala erakutsiko du Bizkaiko Foru Liburutegiak eta Derioko Bizkaiko Elizaren Historia-artxiboak bere argazki bildumak.
Edizio honetan Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko 58 udalerrien lana koordinatu du. Horietan doako eta askotariko 200 ekitaldi antolatu dira. Agertoki ugari egongo dira ekitaldi hauek guztiak hartzeko: Arkeologia museoko eta Euskal Museoko balkoietan Balkoitik Balkoira jarduerak antolatuko dira, zeinetan bertsolariek bertsoak botako baitituzte; Bereterretxeren kantoian Muñatones Gazteluaren eszenatokia eraikiko dute; El Pobaleko burdinola musikaren atari bihurtuko da eta bertan ingudea eta dultzainaren soinuak entzun ahal izango dira; Bilbon, Getxon, Sestaon, Amorebieta-Etxanon kanta eta kalejiradun erromeriak ikusi ahal izango dira…