Izaro Ungo zamudioztarrak brontzezko domina lortu du Espainiako Boxeo Txapelketan

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 10a, 13:58

Lehengo asteburuan, Espainiako Boxeo Txapelketa egin zen Los Alcaceres herrian, Murtzian. Txorierritar batzuk aritu ziren bertan, euskal selekzioaren barruan. Izaro Ungok brontzezko domina lortu zuen; Javier Manrique, ordea, final-laurdenetan kaleratu zuten. Biek entrenatzen dute Zamudiobox taldean.  

Izaro Ungok 15 urte ditu eta 60 kiloko junior kategorian sartu zen lehian. Zamudioztarrak finalerdietan galdu zuen Fatima Zahrae murtziarraren aurka. Epaileek Zahraeri eman zioten garaipena, baina erabakia ez zen aho-batekoa izan. Horrek adierazten du euskaldunak eta murtziarrak lehia bizia eta orekatua izan zutela. Zahraek txapelketa irabazi zuen hurrengo egunean.  

Bestalde, Javier Manrique derioztarrak ezin izan zuen 56 kiloko gazte mailan Txorierrira dominarik ekarri. Hamazazpi urteko gazteak ere izan zuen lehia orekatua, baina epaileek adostu zutenez, Fernando Dauiro Magdalena kanariarra bere arerioa izan zen borrokaren garailea.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).